Ez dakit inoiz gertatu zaizuen zenbait bidaia edo lekutan halako lotura berezi bat egin duzuela, ustekabean, han ikusitako eta buruan iltzatuta geratu den irudi batekin; esaterako, Getarian ikusitako ohikoa baino katu gehiagorekin, Lekeitioko magnoliekin edo Aragoiko almendra-arbolen lore zuri-arrosekin.
Etxe barruan beharturik egon beharreko egun horien ondorengo lehenengo paseoak, esaterako, kala loreekin loturik geratuko zaizkit, hala uste dut. Badakizue, lore zuri erdi lizun erdi xahu horiekin, etxetik kanporako irtenaldi horietan kalena (eta ez kaleena) izan baita non-nahi begietara eman didan irudi errepikatua: erreka ondoan, erretenean, baserri atarian, baratze-bazterrean…
Hala ere, ez dira bakarrik landare, animalia edo gauzen irudiak leku, garai edo uneak markatzen dituztenak. Hitzek ere hartzen dute, horrela bat-batean, arrazoi handirik gabe, irudiz, lehen ez zuten garrantzia, eta, zergatik jakin gabe, hor daude une baten adierazle bilakatuak. Esate baterako, azkeneko bi hilabete arraro horietan izan da, nik uste, berea ez zuen ospea jaso duen hitz bat, eta hitz hori arrabola da.
Hitza, niretzat behintzat, ezohikoa da, berria, oraindik burmuinean irudi bat zizelkatu ez duena, eta hiztegira jo dudanean gauzak ez zaizkit gehiegi argitu, hauxe aurkitu baitut:
1 iz. Oreak lantzeko zurezko tresna zilindrikoa.
2 iz. Zilindro formako pieza mekanikoa.
Orea lantzeko, eta esne-gainarekin egiten zituen galleta ezin hobeak egiteko, botila biribil bat erabiltzen zuen gure amona Mikelak, eta baso bat supergalleta haiei forma emateko. Arrabolarena aberatsen etxeetako kontua izan behar zuen. Baina ez naiz egia osoa esaten ari, definizio horrek eman dit bide asmatzeko zer den delako arrabola hori, eta frankismo garaiko txiste zaharretan agertzen zen sukaldeko tresna ekarri dit gogora, etxekoandreek eskuetan edukitzen zutena senar parrandazaleek etxera berandu eta gehiegitxo edanda iristen zirenean. Horixe zen, bada, arrabola, rodilloa!
Nire miresmena pizten zuten kirol-kazetariek inon eta inork kirolik egiten ez zuen garaietan jo eta ke honi eta hari buruz txutxu-mutxuka aritzen zirenean behin eta berriz aipatzen zuten arrabola, ordea, beste zerbait zen. Hura ez zen orea lantzekoa, eta bigarren definizioarekin egon behar zuen lotuta, zilindro formako pieza mekanikoa dioenarekin. Eta Interneten begiratutakoan eta han bizikleta-arrabolak ikusitakoan piztu zitzaidan argia. Kirolik gabeko garaietan aipatzen zuten arrabola famatu hura inora joan gabe leku berean jo eta ke bizikletari eragiteko tresna mekanikoa zen!
Nik aditua nuen Alemanian antzeko tresna bat jartzekoak zirela oilaskoei, horrela, etengabeko ibilian, izterrak landu, eta gantza gutxiagoko eta gihar gehiagoko hegaztiak lortzeko, baina ideia erretiratu egin behar izan zutela animalien aldeko taldeek tratu txarrak erabiltzeagatik salatu zituztelako. Orduan, erruki izan nien arrabolari eragiten zebiltzan pilotari, txirrindulari, futbolari, eta beste kirolari profesional eta kalekoei. Baina haiek gustura ari zirela konturatu eta isildu egin nintzen salaketarik jarri gabe.
Hala ere, diot, nola liteke kirolik ez den garaian irratia jarri eta lehen adina denbora aritzea txutxu-mutxuka, arrabola santua gora eta arrabola santua behera, haren erabiltzaileen onurak eta abenturak kontatzen?
Ahaztuta nengoen, jakina, kirola erlijio berrietako bat dela gure gizartean, eta ezin dela ukitu. Amen. Hori bai, nirekin, eta nire antzeko sinesgabekoekin, ez saiatu hainbeste, alferrik zabiltzate, gu ez gaituzue arrabolari lotuko, nahita ere.