Iritzia: 'Zamba'

Argentinako musika aipatzen digutenean, lehenengo bururatzen zaiguna tangoa izan ohi da: istorio bihurriak, esker txarra jasotzen duten maitasun zorigaiztokoak, engainuak eta gezurrak…

Argentinako musika aipatzen digutenean, lehenengo bururatzen zaiguna tangoa izan ohi da: istorio bihurriak, esker txarra jasotzen duten maitasun zorigaiztokoak, engainuak eta gezurrak… Bigarren urrats batean milonga gogoratuko dugu: istorio tristeak kontatzen dituzten kantuak; “ez hadi milongekin etorri” esan ohi zaio penak kontatzen dituenari, oker pentsatuz milonga guztiak tristeak direla. Hirugarren urratsa egiteko, zein abesti mota aipatuko genuke? Seguru asko izenburukoa: zamba.

Argentinako iparraldean dantzatzen den musika mota da zamba, eta dantzarako izateaz gain abestu ere egiten dena. Zamba askoren artean La López Pereyra da ospe handikoa eta oso antigoalekoa. Salta hiriko Artidorio Cresseri (1862-1950) musikariak sortu zuen eta egile ezezagun batek (agian, hainbat idazlek, ez bakar batek) egindako letrarekin abesten da. Jorge Cafrunek egindako bertsioa goi mailakoa da, nik uste; gomendagarria.

Baina ez da musikaz hitz egitea idazki honen asmoa, zamba horren historiatik abiatu eta beste era bateko doinuak astintzea baizik.

Artidorio Cresseri familia italiar batekoa zen, Saltan jaioa, eta 11 urterako aitarekin lanean hasia zen Andeen inguruetan mandoak batetik bestera eraman eta haien salerosketan. Asko bidaiatu zuen eta asko ikasi mendi haien inguruetan egiten zen musikaz; langintza ugari izan zituen: abesti-sortzaile, piano-afinatzaile, eskola-maisu… Denetik pixka bat egitea egokitu zitzaion, eta pobrezia handian hil zen 88 urterekin Saltako Erruki-etxean. Egin zituen abestietatik ospetsuena lehen aipatutako hori da, Saltako himnoa omen dena. Hasiera batean Cafayate deitu omen zion; gero, Chilena dedicada al doctor Carlos López Pereyra.

Kontatzen dute abestiaren izen-aldatze horretan eragin ezinbestekoa izan zuela gertakizun larri batek. Artidorio Cresserik maitalea hil zuen. Kolpe txar bat izan omen zen. Baina kolpea. Zeloen amorruak eragindakoa. Epaitegira bidali zuten. Pertsona ezaguna omen zen ordurako. Saltako gauetan bazterrak eta festak alaitzen zituen kantaria. Epaitegian, Carlos López Pereira abokatu eta magistratuak Artidorio kartzelatik libratzea lortu zuen. Argudioa izan zen hilketaren egilea “emozio bortitz” baten eraginpean zegoela, “bere onetatik kanpo”. Absoluzioa lortu zuen, ez zela errudun, alegia. Une txar bateko berotasunean hil zuela emakumea. Esker onez, musikariak zamba eder hori eskaini zion abokatuari.

Geroztik, bere onetatik kanpo dagoen gizon gehiegitxok akabatu ditu emazte, maitale eta beste hainbat emakume “emozio bortitzen” eraginpean.

Ehun urtetik gora pasatu dira, euri asko egin du ordutik, eta abesti asko asmatu dira, baina oraindik merke ordaintzen dira emozio bortitz horiek, eta ez dago oso garbi justizia oso justua den.

Jendeak mendekua bere gain ez hartzeko, zigorrak bere neurrian ezartzeko eta denok legearen aurrean berdinak izateko sortua omen da justizia, baina jendeak hori horrela ez dela sumatzen duenean, zerbait oker dabilela ziurtatzen du.

Armairuak baino handiagoko bost majaderok neska gazte bat ezkaratz batean sartu eta hartaz nahi zutena egin ondoren epaileek esaten dutenean bortxarik izan zela ezin dutela frogatu, zerbait dabil oker, eta López Pereyra zambaren doinua datorkigu belarrietara.

Aipatzen digutenean goizaldeko ordu desegokietan Altsasun izandako borrokaldi batean gertatutakoak terrorismoa eta gorrotozko delituak direla, milonga txar baten soinu tristeak entzuten ditugu.

155. artikuluaren aplikazioa eta hautatu katalanentzat ezarritako kartzela-zigorren berri entzuten dugunean, tango eskas baten kantua datorkigu belarrietara.

Eta demokrazia omen den sistema batean ikusten badugu justizia ez dela justua, sistema bera ez dela egokia pentsatu behar. Eta aldatu egin beharko dugula…

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide