Datuak

«Norbaitek esan dit, ziurtasun osoz, ez dela Dotorekoa, Mendikoa baizik...» (Zarauzko Udal Artxibategia)..

Irakurtzen hasi aurretik lehen begiratua eman dionak idazki honi, konturatuko zen (arretatsua bada) duela gutxi gorabehera hilabete hemen bertan agertutako eta Bandoa izena zuen artikuluaren argazki bera daramala. Halako irakurle arretatsuak pentsa zezakeen:

«Hitzako hauek sartu ditek hanka eta argazki zaharra aldatzea ahaztu egin zaiek» edo «Txilikuri oraingoan ahaztu egin zaiok artikulua idaztea, edo berandu ibili duk, eta Hitzakoek lehengo zaharra jarri ditek berriz ere».


Gaizki pentsatzea librea da, eta asmatu ere egin ohi da, behin baino gehiagotan, bide horretatik jota, baina oraingoan ez da horrela. Akatsak sortutakoa baino, eskerrak emateko idatzia da hau, eta esango dizuet zergatik. Idazten duenarentzat atsegin handia da ikustea jendeak gogoz irakurri duela berak idatzitakoa, eta, egia esan, sekula baino jende gehiago ingurutu zait Bandoa izeneko artikuluarekin zorionak eman edo oharrak egitera: eskerrik asko.


Batzuek zioten idatzia irakurrita gogotik egin zutela barre, baina jende dexentek kezka agertu zidaten artikuluko argazkiari buruz esandakoa bitarteko. Orduan nioen: «…1902ko argazki bat non agertzen baita herriko enplegatua bandoa irakurriz Zigordia eta San Frantzisko kaleen kantoian».


Argazki horretan agertzen den etxeak sortu du eztabaida-bidea. Esandakoaren arabera, etxe hori Dotorekoa izenekoa zen, garai batean Salegi deitzen genuena, izen horretako taberna bertan zegoelako, eta gaur egun Laboral Kutxa, arrazoi beragatik. Hortxe koxka, ordea. Ez omen da etxe hori.


Norbaitek esan dit, ziurtasun osoz, ez dela Dotorekoa, Mendikoa baizik. Begiratzeko ondo irudiari eta ikusiko dudala horko etxeak Kale Nagusikoak direla, eta ez Zigordia kalekoak. Beraz, etxea Musika plazako izkinakoa behar duela, lehen Mendikoa deitua, gero Royalti izenez ezaguna eta gaur egun Caixaren egoitza (garbi dago aurrezki kutxak direla gaurko protagonista).


Balkoi forjatu ederreko etxe dotore hori 1906. urtean egina da (hala dio sarrerako atean) eta hemen alboko argazkia, bandoarena, 1902. urtea baino lehen egina da. Gainera, garai hartan Zarauzko udaletxea plaza horretan zegoen (gaurko Musika plazan), eta ez da harrigarria izkina horretan bandoa botatzea. Beraz, izan zitekeen Royaltiren aurreko etxea, baina etxe berria egin zuenaren birbilobak esan dit bere ustez argazkikoa ez dela Mendikoa. Tira, argazki zaharrekin maiz gertatzen dena gertatzen dela, iritzi asko daudela, eta bakoitzak badituela bere iritzia defendatzeko arrazoiak.


Horrelakoetan datu bila joatea izaten da onena, eta Zarauzko argazki zaharren artxiboan datozen datuen arabera argazkia Zigordia eta San Frantzisko kalean arteko izkina da. Datuak biltzean, ordea, akatsak egin daitezke, oker egon informazioa, eta ondo legoke zuzentzea, informazioa duenak datu berriak emanez.


Horretara dator gaurko erretolika hau guztia. Teknologia berriek sekulako aukera ematen digute gure iritziak plazaratzeko, eta Hitzaren eskutik sortu berria den zarauzkohitza.eus webguneak aukera emango digu kontutxo hauei buruz berriketan aritzeko.


Zein da argazkiko etxea, Dotorekoa edo Mendikoa?, ala beste bat da? Bi ate arkodun zituen etxe asko ez ziren izango Zarautzen. Orain Laboralekoak hala ditu, baina ba ote zen 1902an besteren bat?


Norbaitek esan dezake, arrazoiarekin, badaudela herrian beste hainbat arazo garrantzitsuagoak argazki horretako etxea zein zen jakitea baino, baina nire jakin-mina piztu du kontu honek eta irakurleoi luzatzen dizuet jakin-min hori. Norbaitek berririk balu, hemen idatzi dezake: zarauzkohitza.eus/komunitatea/txiliku


Bide batez, Hiztegi Zaharra izeneko atal bat ireki eta hitz zaharrak agertzen, eta biltzen, joateko asmoa ere, baina hori beste baterako utziko dugu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide