Orain urtebete atzera edo, 2018ko abenduaren 27an ospatu udalbatzarrean, Zarauzko Alkateari egoera larri baten jakitun zen ala ez galdetu zitzaion. Hain zuzen ere, Azpeitiko epaileak bost inputaturi deklaratzera zeinen berandu deitu zieten eta ondorioz, Talaimendi gainean gertatzen ari zenaren legez kanpoko izaera begi bistakoa zela. Egun, gauzak halatsu daude: Lehengo lepotik burua.
Alkateak egindako hanka sartzerik nabarmenena, ordea, Talaimendiko Etxetzarrari uraren hornidura baimena eman izana da; gainera, kontuok nola zeuden eta legezkotasuna berreskuratzeko bere esku zegoenean ezertxo ere ez zuela egin jakinik. Esaterako, eraikitze eta urbanizazio horrek legez bete behar dituen baldintzak eskatu ez zituela.
Alkatea arkitektoa da; kontu hauen gaineko berri badauka eta badaki. Berak harro tonuz exijituriko AEIOU prozedurak ez ditu bete.
Gaur, 90/2017ko Aurretiazko Eginbideak ofizialki artxibatutzat eman diren egunean, Gipuzkoako Aire Kirol Federazioak, idatzi bat aurkeztu du Zarauzko Udalak trama urbanistiko ilun honetan duen ardura salatuaz.
Gainera, hasiera batean uraren hornidura ahalbidetu zuten arduradunen aurkako salaketak aurkeztu dituzte. Izan ere, hainbat txosten baimendu eta ahalbidetu zituzten Etxetzarraren auzia ikerketapean zegoen bitartean. Ardura hauek guztiak, aurrera eraman ezin izan ziren deklarazioetan argitu nahi izan ziren.
Epaitegiak dauka kasua berriro ireki ala ez erabakitzeko gaitasuna. Gogora ekar dezagun, inoiz ez direla mahai gainean jarritako frogak ikertu, ezta proposatu ziren eginbideak aurrera eraman, ezta bi urte baino gehiagoz ezkutatuta egon den argiketa poliziala aztertu ere.
Irregulartasun judizial hauek guztiak salatuak izan dira eta paraleloki beraien bidea daramate. Hain zuzen, Epaileak berak esan duelako deklaratzera deituak zirenei ez diela deklaraziorik hartu.
Hau ez da amaitu eta ardura penalaren jomugan artxibatzea egon daitekeen arren, bi kasu gehiago daude irekita Etxetzarraren eta bere urbanizazioaren aurka, administrazioarekiko auzi-prozesuetan. Helburuak, Etxetzarraren eraispena eta Beastegiko gainera daramaten bideen errestaurazio eta irekitzea dira.
Ozenago esan daiteke, ez argiago: bide publiko hauek gutxi batzuren erabilerarako itxi dira, Aiako Udalaren bidegabekeria lotsagarriaz eta Zarauzko Udalaren lankidetzaz. Eman dituzten, eta salatu diren, lizentzia eta baimenekin, Babes Eremu Bereziko Lurzoru Eraikinezinean egindakoak zuritu nahi dituzte.