Abuztuaren 10a, 11a eta 12a nabarmentzeko egun bilakatu zituen bolondres talde batek zarauztarron eta ingurukoen agendan. Urte asko igaro dira Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko auzotarrok jaiak antolatzen hasi ginenetik. Eta ordutik, festak hazi besterik ez dira egin; parte hartzeari, ekitaldi kopuruari eta aniztasunari eta, finean, giroari dagokionean. Horrek guztiak festak arrakastatsu bilakatu ditu, eurekin hasi zirenek sekula imaginatuko ez zuketen mailaraino seguruenik. Eta hori guztia izaera herrikoiari muzin egin gabe lortu da.
Arrakasta horren arrazoi nagusietakoa da gaueko ekintzak Astazubi Plazan ospatu izana. Hori da aipatutako izaeraren berme nagusia. Hor zegoen gerora auzoari izena emango zion taberna. Hori da auzoak herriarekin duen lotura naturala, herritarrei bertako etxeak baino are zaharragoak diren festetan murgiltzeko gonbidapena egiten diena, abuztuan, 3 egunez.
Inor gutxik imagina zitzakeen, aurreko urtera arte, plazarik gabeko festak.
Jakina, gaueko ekitaldi guztiek dituzte ondorio desatseginak; baina erabaki tekniko zehatzekin konpondu daitezke, gure ustez. Hala ere, norbanako gutxi batzuk, ondorio ezkorrei soilik erreparatuta edo, kexa formala egiteaz gain, salaketa ipini zioten 2015ean Zarauzko alkate ohiari, festa ilegalak baimentzea leporatuta. Are gehiago, Arartekora jo zuten txosten bat egiteko eta erakundeak eskuhartu zezan, Komisiyuak negoziaziorako luzatutako proposamena baztertu ostean.
Udal gobernu berriak adierazi zuen epaiketa-prozesuak irauten zuen bitartean Salberdingo aparkalekuan soilik baimenduko zituela festak, alkatearen aurkako balizko salaketa berriak ekidite aldera; nahiz eta, besteak beste, hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluak dioen Administrazio publikoek aldi baterako baimenak eman ditzaketela aipatutako kalitate-helburu horiek behin-behinean bete beharrik ez izateko, gizarte-, politika-, kultura-, kirol-, erlijio- edo antzeko gaiekin lotutako gertakizunak antolatzea argudiatzen bada. Hala eta guztiz ere, hara mugitu zen txosna gunea, probisionalki. Horrek alkate ohiaren aurkako salaketa kentzea ekarri behar bazuen ere, egun, salaketa ez da erretiratua izan.
Ondorioz, udal gobernu berriak festak Astazubi Plazan egitea baimenduko ez duela jakinda eta Komisiyuarekin gaiaz hitz egiteko borondate txikiena ere ez duela ikusita (aste honetan bertan jakin dugu Gurekin Jai festa batzordearekin ere modu berean jokatu duela), “nik ere buelta” kanpaina jarri da martxan herritarren gehiengoaren nahiari irtenbidea eman eta Udal gobernua ekartzeko festek Astazubi plazan izango dituzten baldintza berrien inguruko eztabaidan parte hartzera.
Hori ahalbidetuko duen kanpainaren ekimenetako bat sinadura-bilketarena da. Eskaerarekin bat egiteko, bi modutan eman dezakezu sinadura: sarean, change.org atarian, edo asteburu honetan udaletxeko plazan, malekoian eta Astazubi Plazan bertan jarriko diren postutxoetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etatik 20:30etara (ostirala 27, arratsaldez bakarrik; igandea 29, goizez bakarrik).
Mila esker.
Zarautzen, 2016ko maiatzaren 25ean
Komisiyua