Memoria pixka bat gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2023ko mai. 17a, 00:00

Memoria prozesu sinboliko bat da; objektu, leku, keinu edo figura zehatz batekin topo egiteak eragiten digun 'klik' mentala, iraganeko uneren batera garamatzana. Memoria subjektiboa da, baina kolektiboa izan daiteke, denok 'klik' antzekoak egiten ditugunean. Zerk piztuko digun, zaila da aurrez esaten: Iruñeko autobus geltokian 'Traidores o Navarra' erraldoi bat irakurtzen dugunean, 'traidorea' terminoak ez ote garamatza hitz berbera erabili zen beste testuinguru batera? Haren kutsu mehatxagarria ez ote dator neurri batean Frankismo urrunean kokatutako erabilera baten oroitzapen historikotik?

Ikusi gehiago: EH Bilduko zazpi hautagaik uko egin diote zinegotzi kargua hartzeari

Erabiltzen ditugun hitzek eta egiten ditugun keinuek ez dute esangura euren kabuz hartzen; aurretik norbaitek esandako hitzen eta keinuen esanahiaz ere elikatzen dira. Herri txiki honetan, eta haren barruko herri are txikiagoetan, bakoitzak badaki nor aritu den zertan iraganean, eta izen zehatz batzuek pitz dezakete iraganaren memoria ostera. Ulergarria da, hortaz, euren burua EH Bilduren barruan ikusten duten zenbaiten kuestionamendua, ETAko kide izan ziren eta odolezko delituengatik zigortu zituzten izen zehatz batzuk zerrendetan ikusi dituztenean. Egia da, bestalde, iritzi hori boto-kutxetan ere adieraz genezakeela.

Nolanahi ere, eztabaida hau gure memoria kolektiboaren inguruko etxeko lanak egiteko dauzkagunaren sintoma dela iruditzen zait. Alegia: euskal gatazkaren alderdi odoltsuenen inguruan bederen badugu aski kontsentsu, hartan zuzenean inplikatuta egon zirenak askotariko kolektibitate politiko baten hautagai egokienak ez direla irizteko, baina oraindik ez gaude prest haien ahotsa entzuteko. Zazpi hautagai polemikoenek gutuna argitaratu duten arte, ez dut inon haien arrazoien edota bilakaera ideologiko-biografikoen inguruko kezkarik topatu. Ez dirudi ETAko kide ohi eta preso ohi baino askoz gehiago izaten utzi nahi diegunik 2023 honetan, ETA gutako gehienon bizitzatik duela hamar urte baino gehiago desagertu zen arren. Eta, beraz, agian geure buruari zintzoki galdetu beharko genioke gu geu ere eszenatoki ezagunetatik mugitzeko prest ote gauden.

Norbanako zehatzak seinalatzen ditugu, baina ez diogu funtsezko galderari heldu nahi: zeintzuk dira gauden unera eraman gaituzten bilakaerak, eta zein harreman-sare berri sortu dira haien ondorioz? Existitu litezke erakunde terroristarik gabeko 'terroristak'? Noiz arte jarraitzen du batek ETAko kide izaten? Noiz arte jarraitzen du batek biktima izaten? Zein toki dute batak zein besteak gure egungo gizartean? Sinbolikoki esanahi hori duten bitartean jarraituko dute guretzat existitzen, baina kontuz: memoria kolektiboaren eraikuntzak ezin du ahots aniztasunaren kaltetan izan, egiaz kolektiboa izango bada. Ahotsa eman behar da, entzuteko prest egon behar da, bilakaerak ulertu nahi baditugu. Azken hamarkadan legebiltzarretan egon diren politikariak ere susmagarritzat jotzen hastea aniztasun hori murrizten doan seinale da, eta hori gehien-gehienon kalterako izango da, gure iraganeko esperientzia indibidualak zeinahi izanik ere.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide