Uda surrealista bat

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2022ko eka. 24a, 00:00

Dantzatu ote daiteke hiltzeraino? Baietz diote Erdi Aroko kronikek. Antza, garai hartako izurrite guztien artean, bereziki ulertezina zen bat hedatu zen Estrasburgon 1518ko uztailean: lehorte eta gosete izugarri baten erdian, Troffea abizeneko emakume bat hiriko plazara atera zen, eta dantzatzeari ekin zion. Astebetez dantzatu zen, gau eta egun, goseari eta nekeari kasurik egin gabe, estilo librean, rock-and-rolla sortu baino ia 500 urte lehenago. Eta are bitxiagoa dena: handik egun gutxira, dozenaka herritar batu zitzaizkion, garai hartako kronistek deabruaren obratzat eta ondorengo historialariek histeria kolektibotzat jo duten koreomania kasu deigarrienetako bati bide emanez. «Estrasburgoko uda surrealista» deitu zioten, dantzariek hainbat astez jarraitu omen zutelako modu kaotikoan biraka eta jauzika, haietako asko nekez hiltzeraino.

Erromantizazio askorako ematen du hiltzeraino dantzatzearen ideiak. Akaso, amaierara arte dantzatzeko motiboak izateko moduko bizitza nahi genukeelako gehienok. Akaso, musikarekin mina arindu daitekeela sinistu nahi dugulako. Asteburuan dantzan agurtu dugu lagun maite bat, bere gustuko kantu batekin, berak egin nahiko zukeen moduan. Hileta bati Lola Floresen doinua jarri diogun lehen aldia izan da, itsasoa parean genuela eta kanpina atzean. Alboko bidexkatik pasatzen ziren turistek ere epidemia kolektibotzat joko zuten, akaso, irudi hura; deabruaren eraginen bat egon ote zen ere ez dugu ez ukatuko eta ez baieztatuko.

Dantzatzeak ez zigun minik arindu, baina heriotza sinesgaitzen ondoren eraiki ohi ditugun sasiazalpen ustez lasaigarriek baino efektu sendagarriagoa izan zuen: ezin baduzu gertatu dena ulertu, alferrik da arrazionalizatzen saiatzea. Hobe da surrealismoari modu surrealista batean erantzutea, antzera egingo zukeen haren omenez.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide