Helduek haurrengan proiektatzen dituzten gutxiagotasun konplexuen artean, eleaniztasunarena da behatzea gehien gustatzen zaidanetako bat. Munduko hiztun gehienok (eta egunkari honetako irakurle guzti-guztiok) gara gutxienez elebidunak, eta, hala ere, harrigarria da zein neurritan dauzkagun barneratuta topiko batzuk: «Hara, bi hizkuntza batera ikasten ari da; normala beranduago hizketan hastea!». Hiru baldin badira, zer esanik ez: «Zaila izan behar du euskara eta txinera aldi berean ikasteak». Gaztelania ez baita sekula zailtzat jotzen.
Logika horren arabera, lau hizkuntza ikasten dituztenek haur eskolako garaia isilik pasatu beharko lukete. Pentsaera elebakar batetik egindako balorazioak dira, baina, gainera, hizkuntzak helduaroan ikasten dituztenen perspektibatik egindakoak: erdalduna bazara eta astelehen eta asteazkenetan euskaltegira bazoaz eta astearte eta ostegunetan alemaneko mintzapraktikara, bada, bai, imajinatzen dut zaila egingo zaizula. Jaiotzatik testuinguru eleaniztun batean hazi den haur batentzat, horiek xurgatzea bere munduko gauzarik naturalena da. Gure semeak euskarazko ergatiboa jartzen die alemanezko hitz batzuei, eta ez dirudi asko kostatzen zaionik hori egitea: bere ikasketa prozesuaren parte da. Akaso izango da zaila gurasoentzat kalitatezko inputa maila berean eskaintzea hizkuntza guztietan, bereziki euren eguneroko testuinguruan entzuten ez duen lengoaia bat transmititu nahi badiote. Edo akaso izango da zaila aitona-amonentzat biloben ume-berriketa eleaniztun eta kaotikoa ulertzea; eta, halakoetan, errazagoa da azaltzea haurrak nahaspila ederra daukala buruan, norberaren ezintasunak onartzea baino (beste egun baterako utziko dugu ingelesa ongi menderatu gabe seme-alabei ingelesez hitz egiten saiatzen diren gurasoen kasua). Baina zailtasuna ez da eurena, gurea baizik; halako zenbat proiektatzen ote ditugu eurengan?