Maiatzeko lehen igandeak esanahi gehiago zeukan neroni alaba baizik ez nintzenean: ama ere banaizenetik igaro diren bietan, ia ahaztu eta guzti egin zait. Aurtengoaren berri ere sare sozialetako argitalpen kurtsiei esker izan nuen: haurrak oparitutako tripako birus eder batek jota ohean netzala irakurri nituen amatasunaren glorifikaziotxoak eta metaforizazioak. Antza, adiskide batzuek euren burua lore sortatzat daukate, eta euren ama, aldiz, hura ureztatzen duen ontzitzat. Amari zerbait polita esateko modu bitxia iruditu zitzaidan, baina tira.
Aurki itxi nituen leihotxo guztiak, bai erditzea bigarren jaiotza baten moduan irudikatzen zuten mezu erromantizatzaileak, eta baita amatasuna sindikalismoarekin parekatzen zuten diskurtsoak ere. Zer nahi duzue esatea: niretzat, amatasuna gauza asko da, baina bat nabarmentzekotan, bakardadea da.
Bakardadea, ez duzulako zeure burua testuinguru bakar batean ezagutzen: ez zure lehengo espazioetan, gurasotasunetik at funtzionatzen jarraitzen dutenetan (finean, zuretzat ere beste mundu bat zen, duela ez hainbeste, umeena); eta ezta haren inguruan antolatutako espazio berrietan ere. Beste amekin elkartzen zara, baina deseroso zaude: lotzen zaituzten gauza bakarra guraso izatea da, eta badakizu zure oraingo errealitatearen osagai nagusietako bat dela, baina ez duzu zure identitatea horretara murrizterik nahi. Bakardadea da besteen begietan haurraren ama baino ez izatea. Bakardadea da ohartzea zaintzaren arduraren zama banatzea uste baino zailagoa dela: gurasotasunean gorpuzten da heteropatriarkatua bere formarik sendoenetako batean. Bakardadea da zeure buruari denborarik ez eskaintzea, eta bakardadea handitu egiten da hura haurraren lorpenekin estaltzen saiatzen zarenean. Badakizu, ziurrenik, gehienok sentitzen zaretela horrela. Baina hemen zaudete, nor bere burbuilan, besteenean arrotz sentitzen.