Traumak, neurrira

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2022ko api. 15a, 00:00

Ukrainako gerra hasi zenetik igaro den hilabete eta erdi honetan, mundu erdiko parlamentuetan agertu da Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea. Bideodei bidez egin ohi du bere hitzaldia, kaki koloreko arropa militarrez jantzita, diskurtso eta diskurtso artean hegazkin errusiar batzuk bota behar dituenaren gisan.

Bere mezuaren edukia berbera da toki guztietan: babes gaitzazue. Bidali armak. Edo etorri zuzenean laguntzera. Forma, ordea, aldatzen doa tokitik tokira, modu estrategikoan: parlamentu bakoitzean, dagokion estatuko iraganeko trauma handienak zerrendatzen ditu, ukrainarrak bizitzen ari direna deskribatu eta tokian tokiko herritarren enpatia interpelatzeko.

AEBetako Senatuan Dorre Bikiak ekarri zituen gogora; Frantzian, Verdungo guda; Irlandan eta Finlandian, «bizilagunak norbera okupatzea» zer den irudikatzeko eskatu zuen; Japonian hondamendi nuklearrei egin zien erreferentzia; Erresuma Batuan, Ingalaterrako Gudua mintzagai, Shakespeare eta Churchill nahastu zituen; eta beste hainbat legebiltzarretan, Israelgo Knesseten bereziki, luze eta zabal mintzatu zen Holokaustoaz. Ez hala Alemanian: han Berlingo harresia izan zuen hizpide, badaezpada ere.

Eta, halako batean, Espainiako Kongresura iritsi zen Zelenskiren bideoa. Aukeratutako gertakaria zein izango, eta Gernikako bonbardaketa aipatu zuen: «2022ko apirilean gaude, baina badirudi 1937ko apirilean gaudela, munduak espainiar hiri baten izena ezagutu zuenean: Gernika». Aukeraketa egokia zen, baina diskurtsoaren arrakasta ez du haren edukiak soilik baldintzatzen, haren testuinguruak baizik. Zelenskik jakingo ez zuena da Gernika parlamentu horretan ordezkatuta daudenen zati batentzat baino ez dela trauma: beste askok nahiago dutela ez aipatu, hizketan hasita justifikatu egingo luketelako; eta gehienek sorbaldak altxa baino ez lituzketela egingo, Gernikaz galdetuz gero.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide