Supermerkatuko prefabrikatuen korridorean gauza exotikoren baten peskizan zabiltza, lagunei eskaini nahi diezun afari mexikarrerako talo bila. Old el Paso markako paketeak Chihuahuako desertura zaramatza, bere kaktus eta dunen logoarekin; munduaren kultura zabala duzunez, andele-ka irudikatu duzu zeure burua.
Zure afaria mexikarra baino gehiago ukrainarra izango dela, bederen, ez zenuke irudikatuko. Baina globalizazioa zer den: Old el Paso fajitek, egiaz, lotura handiagoa daukate Dnipropetrovskeko eguzki-lore soroekin, Mexikorekin baino. Zintzotasun ariketari jarraika, onartu beharko zenuke eguzki lorea ere ez dela preseski Ukrainarekin lotuko zenukeen landare bat, baina orain badakizu bertako lore nazionala dela, eta Ukraina, eguzki-lore olioaren esportatzaile nagusietako bat. Mundua inoiz baino interdependenteagoa denez, edozerk eragiten du tximeleta efektua; eta, horrela, Ukrainan gerra lehertu eta bi astera Nafarroako fabrika batean lana eten behar izan dute fajita mexikarrik ezin dutelako ekoitzi.
Inplikatuta dauden sufrimenduengatik ez balitz, gure egungo munduaren metafora aproposa litzateke. Aurreko mendearen amaieran, hazten ari ginela, ezagutu genuen mundua —kosmopolita, oparoa, mugarik gabea eta zabala, beti gehiago zabaltzeko aukerak zeuzkana— amaitzen ari den irudipenarekin bizi gara azkenaldian, baina ziurrenik ilusio haren atzeko errealitatea besterik ez zaizkigu ikusarazten ari pandemia eta gerra: egiaz, ustezko oparotasuna dependentzia erraldoi batean oinarrituta zegoen. Bizitzeko behar ditugun gauza gehienak non sortzen diren ere ez zitzaigun axola, elikagaiak goizero gure supermerkatuko apaletan eta ur beroa gure goizeroko dutxan zeuden bitartean. Baina mundua ez zen ateak zabalik zeuzkan toki baketsu bat: elkarrekiko intimidazioan oinarritutako akordio hauskor bat baizik ez geneukan. Ez ginen uste bezain buruaskiak, hain boteretsuak.