Halaxe da, ofizialki eta hemendik aurrera: euskaldun berria naiz. Neronek jakin gabe, hala izan naiz ia 31 urtez, eta aste honetan jabetu naiz. Euskaldun berri berria naiz, beraz.
Uste nuen euskaldun berria zela beste hizkuntza batean trebatu ondoren, eta hartatik abiatuta, euskara ikasi duen norbait. Baina, antza denez, posible da zure lehenbiziko hitzak euskaraz esan izana eta euskaldun berri gisara zenbatua izatea. Arrazoia da, estatistiketan bederen, haurtzaroan etxean jasotako hizkuntz(ar)en arabera sailkatzen gaituztela, ez umetan ikasi genituenen arabera. Izan ere, bistan da: orduan euskaldun guztiok ginateke elebidunak, ez legoke euskaldun zaharrik zentzu hertsian.
Etxeko hizkuntza gaztelania edo frantsesa ez den beste bat dugunon kasuan, are bitxiagoa da egoera, izan ere, gure familiako hizkuntzarekin baino askoz harreman handiagoa daukagu tokikoekin. Gure ama hizkuntza oso gutxitan da gure hizkuntza nagusia; euskaraz bizi izan gara beti, baina euskararentzat berriak gara.
Euskaldun berriak esaten zaigula imajinatzen dut hizkuntz komunitateak irabazi dituen hiztunak garelako. Alegia, gure gurasoak Zarautzen lurreratu ordez Liverpoolen bizitzen jarri izan balira, euskal hiztunen komunitateak kide kopuru berbera ken bat izango zukeela gaur egun. Gu gehi bat hori gara. Eta agian hor dago kontzeptuak eragiten digun deserosotasuna: inplizituki dakarrelako euskaldun zaharrek osatzen duten enborrari erantsitako gehikuntzaren irudia (euskaldun izatea bera aski periferikoa ez balitz bezala). Bestalde, ez da planteatzen komunitateak gal dezakeenik etxean euskara jaso duen hiztunik: existitzen ote da euskaldun ohiaren kategoria?
Ez dakit, Rick. Agian badugu garaia etiketa hauei buelta bat emateko. Izan ere, ez badute errealitate soziala islatzen, ez ote dute hartaz daukagun irudia egituratzen?