Belaunaldi bakoitzak dauzka bere sinboloak, guztion gogoan modu antzekoan iltzatuta geratzen diren gertakari, irudi, izen eta hitzak. Oroitzapen partekatu horiek bihurtzen dute memoria, funtsean, kolektibo, eta haren kontzientzia aski sendoa denean, memoriak bidaiatu dezake belaunaldietan zehar ahoz aho, baita diskurtso ofizialetan islarik ez daukanean ere.
Errazagoa da, noski, gertakizunei buruzko kontakizunak papereratuta daudenean. Ahozko transmisioa erraz distortsionatzen da, urteetako telefono ero batetik pasatuta bezala. Paperak egia ukigarriak eskaintzen ditu. Horregatik dira hain eremu disputatua diskurtso mediatikoak, judizialak eta didaktikoak: urteetara kasik aldaketarik sufritu gabe kontsulta daitezkeen hemeroteka, lege eta testuliburuetan materializatuta geratzen direlako.
Nola gogoratuko dute hurrengo belaunaldiek Altsasuko auzia, oraingo gazte belaunaldiarentzat hain ikonikoa izan den injustiziaren esperientzia kolektibo hori? Espainiako Auzitegi Nazionalaren aktetan, espetxeratutako gazteen erruduntasuna geratu da idatzita, terrorismoko akusazioa bertan behera utzi arren. Prentsako hemerotekek ez dituzte pieza iraingarriak ezabatu. Historiako testuliburuetan, ez da azaltzen 2000ko urteen bigarren hamarraldian oraindik espetxe zigor luzeak jartzen zitzaizkiela terrorismoaren aterkipean ETAk armak utzi zituenean umeak baino ez ziren gazteei.
Orain, Estrasburgoko giza eskubideen auzitegiak uko egin dio egia judiziala zuzentzeari: ez du giza eskubideen urraketa hori ikertu nahi izan, eta atzera bota du gazteek ipinitako helegitea. «Babes juridikoaren faltaren aurrean», gutxienez arazoa «ondo baino hobeto ulertzen duen gizartea geratzen» zaiela adierazi du haietako batek. Baina aski ote da hori? Noiz arte iraunarazi liteke egia ez-ofizial baten memoria, euskarri ukigarririk gabe?