Akenean etxean, zioen Ikeak Alemaniako inbestiduraren bezperan ateratako iragarki batek. Irudian, kantziler ohiaren itxuradun emakume bat ageri zen Strandmon besaulki batean eserita. Norbaitek galdetu beharko lioke Merkeli ez ote den alderantziz: 16 urteren ostean, ez ote den Bundestaga uztea etxetik joatea bezalatsuago.
Amaitu da Merkelen aroa. Eta harekin batera joan da kristaudemokrazia alemanaren ulerkera zehatz bat, belaunaldi zaharrak hiltzen direnean desagertzen diren mundu horietako baten antzera. Eskualde askotan, alderdi ez-alderdia da CDU: adineko zure osaba-izebaren aurpegia du, munduaren ordena zehatza gustuko duena eta pertsona bakoitzak daukana merezita daukala uste duena. Inaugurazioez gozatzen duena eta, herriko festetan, karpa baten azpian eta Schlager artean galdetuko dizuna ea noiz hartuko duzun fundamentuzko lanpostu bat. Politikaz eta iraganaz hitz egiteko beharrik sentitzen ez duena, zorioneko boom industrial bat eta alemanei nazioarteko testuinguruan pribilegiatuak izatearen konbentzimendua transmititzen dien atzerri politika bat patrikan. Neoliberalismo amablea, humanoa, kristaua baina ez dogmatikoa, batez besteko herritarrari bere bizitzaren jabe dela sentiarazteko bezain neurritsua.
Hori zen Merkel. Bera gabe, gobernatzeagatik ahitutako eta botere lehietan kateatutako alderdi bat gehiago da CDU. Horregatik, semaforo koalizioa ez da hainbeste belaunaldi aldaketa bat, ez bada beharragatik sortutako alternatiba praktiko bat. Scholz lehenbiziko kantziler akonfesionala izateak ere ez dio sinbolismo gehiagorik eransten: barne politikan iragarri dituen neurri gehienak gizartearen atzetik doaz. Gobernu berriak ere badaki Merkelek ez balu bere kabuz agintea utzi ziurrenik hauteskundeak irabazten jarraituko zukeela. Jakina baita alemanei gutxien gustatzen zaizkien gauzen artean daudela jende inbasiboa, arropa zintzilik ikustea eta ziurgabetasuna.