Twitter: denak haserre dauden toki hori. Zenbat ahalegin egiten dugun besteak baino biziago, kultuago eta irudimentsuago agertzeko, gero hain lehor, uzkur eta erridikulu geratzeko. Eskerrak gehienok jatorragoak garela kalean.
Berdin politikariekin. 2009tik, hautagai guztiek hartu behar izan dute Twitterren olatua, trebetasun handiagoz edo txikiagoz. Zuhurrek komunikazio arduradunen esku utzi dute; beste batzuek pozarren txiokatu izan dute zernahi nonahi, baita kontu pribatuak ere. Ezagunak dira Pedro Sanchez Espainiako presidentearen 2009ko mezuak: «Kotxean bateriarik gabe geratu naiz!».
Modu trebean eginda, horretan oinarritzen dira komunikazio estrategia batzuk: politikarien alderdi humanoa nabarmentzean, herritarren identifikazioaren bila. Alexandria Ocasio-Cortezek asko zor dio bere community managerrari, asmatu duelako pertsonaiak irudikatzen duena eta politikariak aldarrikatzen duena konbinatzen.
Electoral Studies aldizkariaren arabera, Europan boto emaileek nahiago dituzte politikaz txiokatzen duten politikariak, euren bermutak erakusten dituztenak baino. Eta Euskal Herrian? Hegoaldeko bi lehendakariek euren karguei lotutako profilak elikatzen dituzte, eta uler dezaket zergatik. Hasieran nahasten zituzten euren ahots pribatua eta publikoa: «Pertsona batzuen bizitzako helburua besteak suntsitzea da», hausnartzen zuen Maria Txibite erresumindu batek 2011n: «Jaikitzen dira, eta euren lehen pentsamendua da: nor izorratuko dut gaur?». Iñigo Urkulluren kasuan, bere tonu pertsonalena ere jada automata samarra zen orduan: «Euskadik Euskadi gehiago behar du», edo «Zintzoki uste dut Patxi Lopezen gobernuak ez duela iraungo», dena gaztelania garbian. Behin, euskararen aldeko kanpaina baten harira, ingelesez ere aritu zen: «We love U. Please, do love us back» (Maite zaituztegu; mesedez, maita gaitzazue bueltan). Tonu horretako adierazpen publiko bat ezagutzen zaion azken aldia da.