Klima aldaketaz ari garenean, ematen du espero dugun bakarra dela hondamendiaren une zehatza ahalik eta gehien atzeratzea, gure bizialdian behintzat harrapa ez gaitzan. Normala, beraz, gazteak izatea etorkizun beltzaz kezkatuen daudenak: lautik hiruk sentitzen omen dute eko-antsietatea, ingurumeneko krisiak eragindako izua.
Mezu derrotista artean hazi den belaunaldia da: berotze globalak jada ez du atzera egingo; gehienez ere, igoera leunduko dugu. Urte luzez jasotako jarraibide indibidualek (zaborra bereizi, autobusa erabili, plastikoak gutxitu...) ez daukate islarik zenbaki orokorretan. Eta orain jakiten ari gara hainbeste itxaropen sortu zituen trantsizio berdea ere ez dela uste bezain jasangarria, teknologia horiek eraikitzeko behar diren material bitxiak ere urriak direlako.
Ziurrenik ez gara asmatzen ari klima larrialdiari buruzko diskurtsoekin. Chico Mendesek zioen ekologia, ikuspegi sozialik gabe, lorezaintza besterik ez dela, eta oraindik ere faltan sumatzen dira irakurketa politikoak COP26ko gobernuen partetik: makina geldiarazi eta erregulatu behar da, ez dago besterik. Ezin da beti hazi eta jarduera orotatik marjina bat atera; eta eredu horrek izen-abizen konkretu batzuk ditu. Baina lengoaiak traizio egiten digu oraingoan ere: kapitalismoak amaitu behar duela esan, eta bizar zuridun edo bizarrik gabeko komunistak agertzen zaizkigu, Marxek hori duela 200 urte iragarri zuela esanez. Desazkundea edo biziraupenerako ekonomia aipatu, eta pobrezian irudikatzen dugu geure burua. Imajinario zaharrak aldatu ezean, ez dago diskurtso sinesgarri bat eraikitzerik: gure testuinguru garaikiderako alternatiba zehatzak ikusarazi behar ditu klimari buruzko mezuak. David Fernandezek duela gutxi Azpeitian zioen moduan: «Denbora da ez diodala neure buruari galdetzen ea beste mundu bat posible ote den; honako hau nola ote den posible galdetzen dut».