Inoizko udaberri laburrenaren ostean, uda luzea datorrela dirudi. Oraindik ez dakigu goizegi edo beranduegi ote den inorako bidaiaren bat planteatzeko; horregatik, aurten «barneko turismoaren» aldeko apustua egiteko eskatu dute hainbat tokitatik, eta nik badauzkat eskaera horrekin bat datozen hainbat proposamen.
«Barneko turismoa» izan daiteke, adibidez, aurreko urteetako agenda zaharrak tiraderatik erreskatatu eta ausaz orri batzuk zabaltzea, data jakin batean zertan ari ote ginen gogoratzeko: norekin geneukan hitzordua astearte buruzuri hartan, noiz joan ginen halako kontzertutara, edota zein zeregin ibili ote ginen egunez egun atzeratzen: astelehena 15, L.-ri deitu; asteartea 16, L.-ri deitu; asteazkena 17, L.-ri deitu... harik eta, nork daki, telefonoa hartu genuen arte edo L.-k gure berri izateari utzi zion arte.
Barneko turismoak daukan beste abantailetako bat da hainbat bertsio dauzkala, turista motaren arabera. Abenturazaleenentzako, agendak aski ez dituztenentzat, eguneroko zaharrak zabaltzean datza, baita apunte lotsagarrienak biltzen dituzten horiek ere: bazter utzi genituen lagun eta maitaleen zerrendak, unean gaindiezinak ziruditelako paperean bolkatu beharreko beldurrak eta, handik orri batzuetara, damututako ñabardura arrazionalagoak. Zin dagizuet Etiopian autobus batera igotzearen pareko bidaia izan daitekeela koaderno horietako hamar bat orri jarraian irakurtzea.
Ordea, bidaiatzeak batez ere gauza erosoa izan behar duela uste dutenetakoak bazarete, bertsio konplazenteagoak ere badauzka barneko turismoak: familiako album ofizialak eta Instagrameko argitalpen zaharrak, denak eskaparaterako irribarrez sortuak. Horiek ez dizute gauza handiegirik kolokan jarrarazten, zoazen bezala itzultzen zara eta zure buruarekin gustura antzera, Kanarietako pultseradunen estiloan.
Egiten duzuen barneko turismoa egiten duzuela ere, ez ahaztu zuen buruari postal bat bidaltzea hurrengo konfinamendurako.