Euskaldun gehienoi gertatuko zitzaigun noizbait: hizkuntza gutxituei buruzko eztabaida betean, euskaraz egiten ez duen adiskide progre eta munduzalea guri gantza ematen saiatzea esanez aniztasuna oso garrantzitsua dela, hizkuntza bakoitzak «mundu ikuskera bat» dakarrelako. Eta jarraian topiko mordo bat zerrendatzea, inuitek elurra esateko dituzten moduetatik hasi eta euskarak berdea esateko hitzik ez daukala aipatzeraino, hemen berde ugari ikusten ditugulako.
Exotismoak ernega gaitzake —hurrengoan gutxienez kakahuete batzuk bota—, edo argumentazio horren atzean dagoen esentzialismoak. Hizkuntza batek mundu ikuskera bat berez dakarrela diogunean, neurri batean ukatzen ari gara hizkuntza hori dinamikoa izan daitekeela: izan daitekeela modernoa, baztertzailea, elitista edo erresistentziazkoa, ematen diogun erabileraren arabera.
Urola Kostako gure kuadrillan, euskara naturalizatuta dago kontzientziarik gabe. Afalosteetan antzera abesten ditugu Mikel Laboa eta David Bisbal. Eta hiru berde mota dauzkagu: argia, iluna eta pistatxo. Nago mundu ikuskera delako hori esperientziei lotuta dagoela ezinbestean; eta, hizkuntza bera esperientzia bihurtu ezean —esate baterako, hura gutxiesteko erabiltzen diren argudioez jabetuta—, nekez ikusaraziko digu ezer beste era batera.