Astebete berandu izanda ere, merezi du Espainiako presidenteari egin zioten elkarrizketa ikustea. Ez esklusibarik atera ziotelako, espezie bitxi horren portaerari gertuagotik behatzeko baizik. Ez dira aukera asko izaten Rajoy hartu-eman zuzenean ikusteko.
Berehala atera da lehenbiziko erantzun gogoangarria, ustelkeriaz galdetu diotenean: gezurra akaso esan duela, baina «ez kontzienteki». Gezur batzuk nahi gabe irteten direlako, igogailuetako puzkerrak bezala. Haritik tiraka, PPren ustelkeria kasuak zerrendatu dizkio kazetariak: hainbeste zinegotzi auzipetuta, diruzaina espetxeratuta... Eta presidenteak: «Tira, egia, baina askoz gehiago dira garbi jokatzen duten zinegotziak». Ustelkeriaren demokratizazioa da, aizue: alderdiko %50+1ean frogatzen ez den bitartean, ez da aintzat hartu beharreko zerbait.
Honezkero sukalde ugaritan atera da Espainiako presidentearen inguruko eztabaida: batzuek diote gaitasun kontu bat dela, bera bezalako hamabirekin ez duela dozena baterako ematen; besteek, funtsean ziria sartzen aritu zaigula denbora tarte honetan guztian, eta egiaz gu guztiok baino argiagoa dela. Edozein moduz, ordezkariak balio behar luke herri baten kalitate demokratikoaren ispilu gisa. Baina nor ote dago horretan lezioak emateko moduan.