Azpeitiarroi ez zaigu ahazten Inaxio Uriaren hilketa». Eneko Etxeberria alkatearen hitzek balio berezia dute testuinguru horretan; ez hainbeste barkamena eskatzen dutelako edo hainbatek ikusi nahi duten damua adierazten dutelako ofizialki dagokion posizio batetik. Hitz esanguratsuak dira, elkartasuna adierazten dutelako, hitzaren zentzurik zehatzenean: «Hildako hau gurea ere bada» esan nahi dutelako.
Adierazi al dakioke elkartasuna barrikadaren bestaldean egon denari, ideologikoki bat ez etorri arren? Barrikadarik ez dagoenean, bai, jakina, eta beharrezkoa da, gainera. Adiskidetzeak ez baitu esan nahi historiaren bertsio bat adostu behar denik: gehienetan aski da —eta, aldi berean, asko da— elkarri bidean aurrera egiteko aukera bat ematea. Ahal bada, bestea ulertuta; eta, bestela, merezi ote duen pentsatu gabe.
Prozesu hori ezinezkoa da bestea ezagutu gabe, eta horregatik dira eredugarriak Azpeitikoaren moduko adierazpenak. Herrietan izena, aurpegia eta historia pertsonalak dituzte gatazkaren biktimek: hildakoek, bizirik daudenek eta urrunduta daudenek. Orain arte gureak izan ez direnei Inaxio, Nekane eta Ekhine deitzen diegunean hasten gara historiarekin adiskidetzen.