Imitatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko api. 3a, 00:00

Buenos Airesko taberna baten atzeko patioan, ardo botila baten aldamenean, akordeak fintzen ziharduen adin ertaineko musikariak. Urteak ziren bere kantuak sortzeari utzi ziola; orain hiriz hiri ibiltzen zen Hego Konoan barrena, Silvio Rodriguezenak ahalik eta zehatzen errepikatzen, abesti haiek gaurkoaren moduko belodromoetan aditu ezin zituztenentzat. Itxura fisikoa ere imitatzen zion: buru erdi soildua, betaurreko handiak, alkandora urraturen bat.

Emanaldiz emanaldi pilatutako istorioak kontatzen zituen gero kontzertuetan: neska-lagunari kanta bat errezitatzeko asmoz, urduriaren urduriaz abesten hasi zen mutil gaztearena; anaia gor-mutuari kanta bat itzuli zion emakumearena; eta desagertuen seme harena, Che Guevararen klandestinitateko izena abesti batean entzundakoan ulertu zuena zergatik deitu zioten berari Ramon.

Imitatzaileak ez zeukan penarik bere abestiak ez zituelako sekula plazara atera: bere lanak askoz esanahi handiagoa hartzen zuen beste haiek abestuta. Kontinentearen mutur batetik bestera sortzen zituen loturak. Harentzat, kultura ez zen ekoiztutako disko kopuru bat, espazioan eta denboran zehar pertsonak harilkatzen dituzten uneen bilduma baizik.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide