Anek hemezortzi urte bete zituen udan, Londresera joan zen. Lehenbiziko aldiz bere kasara irtengo zen etxetik denboraldi baterako, lanera, ingelesa praktikatzera, munduaz ikastera. Diruz ongi babestuta zihoan, jakina: familiako lagun baten etxera, zer gerta ere. Amak galdetua zion ez ote zuen nahiago beste zerbait egitera joan; ingelesa ikasiko zuela, esate baterako, pianoko perfekzionamendu ikastaro batean. Ez zuela zertan lanera joan. Baina Anek ezetz: hura zer zen ikusi nahi zuela, udazkenetik aurrera sei urterako lotuko zutela unibertsitatera Arkitekturako ikasketek.
Hirira iritsi eta gutxira hasi zen taberna batean lanean. Ordutegi zehatzik gabe, ordu bakoitza kobratzen. Eskolan nota onak ekarri ohi zizkion ingelesak, ordea, traizio egin zion lehenbiziko egunetan, hainbat bezeroren aurpegi txarrak eta nagusiaren errietaren bat jasotzeraino. Ane aurki ohartu zen han ez zela Ane: ez zela ikusminez beteriko ikaslea, pianoa jotzea eta argazkiak eskuz errebelatzea gustuko zuena, euskaraz txisteak ohartu gabe ateratzen zitzaizkiona. Londresen, ingelesez ez zekien zerbitzari espainiar bat baino ez zen.
«Nazionalismoa bidaiatuz sendatzen» dela diotenek gezurra diote: atzerritar sentituz sendatzen da.