Jurik hiru urte ditu, eta ez daki neska edo mutila den. Etxean ez diote inoiz horretaz hitz egin (zertarako?), eta berak ez du inoiz galdetu. Egun batean, medikuarengana eraman dute: haurraren garapen egokia neurtzeko balio behar duen proba sorta bat egin diote han. \xabJaso besoa soinua aditzen duzunean\xbb; \xabUkitu sudurra begiak itxita\xbb; \xabBilatu desberdina den figura\xbb... eta, azken galdera, ia oharkabean: \xabNeska edo mutila zara?\xbb. Jurik amari begiratu dio zalantzati. Hark sorbaldak jaso ditu: \xabEz dakit. Zer zara, Juri?\xbb. Haurra pentsakor geratu da une batez. Gero medikuari erantzun dio: \xabKatu bat naiz\xbb.
Egiazko istorioa izatearen ederraz gain, heldu guztiontzako lezioa da Juriren erantzuna. Emakundek haurrengan jarri du arreta aurtengo Martxoaren 8ko kanpainan: haiei egunero helarazten dizkiegun mezu sexisten inguruko eztabaida piztu asmo du. Bistan da mutiko bati \xabEz egin negar neska txiki batek bezala\xbb esateak ez duela mesederik egiten, ez haur horrek bere burua onartzeko bidean, ez eta neska txikiez ematen den irudian ere. Baina akaso galdera ez da hainbeste nola baztertzen ditugun neskak eta nola mutilak; akaso galdera da zergatik tematzen garen neskak eta mutilak sortzen, egun batean katu, beste batean koala eta beste batean izar izan nahi dutenengan.