PSE-EEk erabateko desadostasuna agertu du gaztetxerako lokala erosteko erabakiarekin

Erabiltzailearen aurpegia PSE-EE Zarautz 2020ko abe. 9a, 15:02

Zarauzko Sozialisten udal-taldeak gogorarazi du Textil Guipuzcoana enpresaren jabetzako pabiloia legez kontra eta indarrez okupatu zela, 2006an, gaztetxe gisa erabiltzeko.

Jakinarazpen batean, Gloria VAzquez Zarauzko PSE-Eeko bozeramaileak adierazi du bere taldea alkateak gaztetxerako lokala erosteko hartu duen erabakiaren aurka dagoela; halaber, kezkatuta agertu da, krisi-sasoi honetan udal-funtsak erabilera horretara bideratuko direlako, kontuan hartuta zarauztar asko koronabirusaren krisia dela eta negozioak ixteagatiko ondorioak jasaten ari direla.

Azkeneko osoko bilkuran EAJren eta Eh Bilduren babesaz eta PSE-EEren kontrako botoaz onetsi zen proposamena honako honetan datza: 500.000 euroko partida gaitzea gaztetxerako lokala erosteko. Zarautzen ostalaritzako lokal guztiak itxita daude, eta pertsona asko ABEEE egoeran daude, martxotik; beraz, onartezina iruditzen zaigu funts publikoak gaztetxera bideratzea. Gure helburua da diru hori krisialdi honen eraginpean dauden pertsonei laguntzeko dirulaguntzetara bideratzea, oso gaizki pasatzen ari baitira.

Halaber, ondoeza adierazi nahi dugu, alkatea prest dagoelako zarauztar guztion diruarekin gaztetxekoak birkokatu ahal izateko lokal bat erosteko, kontuan hartuta beste elkarte batzuek ere espazioa behar dutela beren jarduera garatzeko, eta beste batzuek, kasu askotan, lokal txikiak partekatzen dituztela. Gainera, beharrizan horiek dituzten elkarte horiek legez eskatu izan dute, udalak ezartzen dituen prozedura guztiei jarraiki, ez gaztetxeak bezala. Gogorarazi du, gainera, Zarautzen gazte asko beraiek ari direla lokal baten alokairua ordaintzen, aisirako leku bat izateko.

"Gure iritziz, gaztetxekoek itxaron egin beharko lukete, lokala behar duten gainerako elkarteek bezala. Zarauzko Udalak ezin du eskaera egiten duena nor den aintzat hartuta eskatu ahala jardun", esan du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide