Ezuste handia izan al da eskolentzat albiste hau?
Hartu den erabakia beharrezkoa izan da egoerari aurre egiteko eta gaixotzen ari diren pertsonei arretarik onena emateko. Eskolako lan garrantzitsuena aurrez aurre egiten dena da, ikaslearen beharrak zuzenean betetzen saiatzen dena. Egoera berri honek gure egitekoa eraldatu du eta arduraz eta kezka handiz bizitzen ari gara, erantzunik onena emateko gogoarekin, esfortzu eta lan ordu asko emanez.
Ez gaitu hain umezurtz harrapatu. Plataforma digital propio batean, Salleneten, egiten dugu lan aspaldi eta edozein tokitatik interneten bidez ikasleak zein irakasleak konekta daitezke eta baliabideak sortu, igo eta ikusi. Bestalde, azkenengo bi urteetan irakasleek Google for education ikastaroak jaso eta ziurtagiriak atera dituzte. Maila gorenetan ezinbesteko erreminta bihurtu zaigu. Bestalde, La Sallek proiektu honetan sarean lan egiten duenez, teknologiaren funtzionamenduaz arduratzen den IKT talde bat dugu. Hiru aste hauetan jo eta su ari da lanean dauzkagun zailtasun guztiei erantzuna emanez.
Ordutegi bat al duzue ikasleekin lan egiteko?
Hasieratik pentsatu dugu beharrezkoa dela ikasleek ordutegi bat izatea, goiz jaiki, gosaldu eta eskaintzen dugun lanaren antolaketarekin eguna betetzea. Etapa bakoitzeko irakasle taldearen koordinazioa handia izan da eta astean zehar bilerak izaten dituzte bidaliko den lanari forma emateko. Ikasleek eta familiek asteko ordutegia jasotzen dute eta telelana bultzatzeko eskura ditugun tresnak erabili ditugu: Gure moodle plataforma, Sallenet, meet, classroom….
Alde batetik, ikaskuntza aurrera doala ziurtatu nahi dugu eta bestetik ikasle eta familiekiko gertutasuna bultzatu.
Eta ikasgaien jarraipena egiten ari zarete?
Horretan saiatzen ari gara. Maila guztietan programazioa jarraitzen ari gara. Bigarren ebaluazioa amaituta genuen eta hirugarrenari hasiera eman genion guzti honek eztanda egin zuenean. Irakasle bakoitzak esfortzu bat egin du aipatu ditugun tresna guzti horiek ezagutzeko eta erabiltzeko.
Eredu honetan lan egin duzue noizbait?
Egia esateko, gure ikasleak aspalditik daude ohituta online moduan lan egiten, baina gertuko jarraipena egiten diegu. Orain, aldiz, bakoitzaren autonomia eta antolaketak berebiziko garrantzia hartzen dute. Ekosistema ezaguna da, baina ez da berdina aurrez aurreko edo internet bidezko hezkuntza. Irakasleek izugarrizko lana egiten ari dira jarduerak eta klaseak prestatzen, eta baita ikasleek dituzten zalantzak argitzen ere. Jarduera horretan ezinbestekoa da familiek egiten duten ahalegina. Internet bidezko hezkuntza ongi dago, baina ikasleekin egotea faltan botatzen dugu.
Zehaztasun gehiago ematen diezue?
Etapa baxuenetan dauden umeen familiei proposamen didaktikoa bidaltzen zaie. LHtik gora, ikasleen ordutegiaren arabera saioak eta lanak prestatzen zaizkie. Ikasleen autonomia handiagoa den mailetan tutoreek jarraipen zehatza egiten dute, bai zalantzak argituz bai ikasleak animatuz. Kontziente gara gurasoen egoera askotan ez dela batere erraza, batzuek lana galdu dutelako, eta hori da kezkarik handiena, batzuek ez dutelako baliabide teknologikoak erabiltzeko formaziorik eta abar. Bestalde, umeen adina txikia denean malguak izan behar gara, familiak ez dira zapalduak sentitu behar. Bigarren hezkuntzan, aldiz, orduz orduko lana eskaintzen zaie. Zenbait klase bideokonferentziaz ematen dira, eta beste batzuetan lana proposatu, jaso eta ebaluatu. Ikasleek errutinarekin jarrai dezaten ahalegintzen ari gara
Nola deskribatuko zenuke esperientzia?
Hasierako egunak oso mugituak izan ziren, 24 ordutan dena aldatu behar izan genuelako. Ordu asko pasa ditugu gure artean, gauzak planifikatzeko eta sortzen diren gabeziei aurre egiteko. Gurasoei galdeketa bat bidali diegu jakiteko nola erantzuten ari garen eta eman dizkiguten erantzunekin proposamen berriak sortzeko gai garela uste dut. Bestalde, talde lan handia egiten ari gara: ziklo eta etapa bakoitzean gauzak antolatuz, eguneroko bilera telematikoak mantenduz. Orain koordinazioa eskolan gaudenean baino estuagoa izan behar da, lanak partekatuz, iritziak elkartrukatuz, egiteko erak aztertuz eta konpartituz. Ia egunero izaten ditugu bilerak bideokonferentzia bitartez.
Eta ikasleen erantzuna nolakoa izan da?
Erantzun oso ona ematen ari dira. Egoera honetan ulertu behar dugu etxe bakoitzean ordenadore edo gailu bat baino gehiago behar direla eta saiatu gara kasu hauetan ere erantzun bat ematen ikastetxetik gailu batzuk maileguan uzteko.
Eta gurasoena?
Asko eskertzen dugu beraien jarrera. Egoera ulertzen dute eta haien hitzak lagungarri dira. Hezkuntza Elkarte osoari eskatzen zaion esfortzua da. Egoera hau bukatzen denean beste perspektiba batetik begiratuko dugu dena. Gizarteko atal asko indartuak aterako dira. Eta berreskuratu ezin daitekeena, hau da, gaixotasunagatik galdu diren bizitzak, gogoratuko ditugu bereziki.