Ahozkoari aintzinatik dario magia. Istoriorik ederrenak ahoz-aho ezagutzen genituen, eta poesiak irakurri aurretik, hitzak josten zituzten melodiak irakasten zizkiguten. Inor gutxik ezagutuko zuen errima hitzaren esanahia, baina belarrian goxo sentitzen zuten denek; puntua zehazki zer zen jakin ez, baina plazako jendeak erraz asma zezakeen bertsolariak amaierarako zer zuen gordea… Eta norberaren sormena, elkarreragin horretan, etengabean zen ez zure, ez nire, gure baizik.
Sormena elkarbanatzeko lan horretan tematuta dabiltza Zarauzko La Salle ikastetxean: Maite Franco eta Apaxi ipuin kontalariez gain, gurasoek ere ipuinak kontatzeko tartea hartzen dute eskolan; Udaleko Euskara Zerbitzuak aspaldian martxan duen egitasmoa da Bertsolaritza, eta Iñaki Gurrutxaga oriotarrak gustora xirikatzen ditu Lehen Hezkuntzako zaharrenen ideiak, euri tanta solteak zaparradan bildu, eta guztiak batera kantuan jartzeko; Berritzegunean ere ekarpenak jaso, eta Irrati baten sorrerarako lehen urratsak zein izan daitezkeen lantzeaz gain, Josune Zabalak Ahozko Komunikazioa irakasteko Tolosako Laborategian nola jardun ziren azaldu du berriki. Ahozkoak bere lekua behar duela sinisten dutelako, eguneroko jardunean hamaika aukera eskaini behar.