Irakaskuntzaren munduak ezin zurrunbilo horri ihes egin, eta, hori ez ezik, korronteak berarekin garamatzalako, urek irents gaitzaten baino lehen, uhinak harrapatzen saiatu behar. Uhinak, eta haize boladak, eta ufadak, eta inguruan topa dezakegun energia oro.
Urte gutxiren buruan programa ugari ezarri ditugu, betiko ikasketa metodoek kale egin zutela argudiatuta edo. Kale egin baino, hobetzerik bazutela pentsatu nahi dugu, gure aurrekari izandakoek haien onena eman dutela sinetsita. Gizartea aldatu bada, ordea, metodologiak ere aldatu beharko, egokitzea baita bizirautearen gako.
Hizkuntzen trataera bateratuak, adibidez, hizkuntza batean ikasten denak beste baterako ere balio duela azpimarratu zigun, hizkuntza bakoitzaren berezitasunak ere bistaratzen zituela. Aberastasun iturri izateaz bat, eskolan ikasten dena, edozer gaitan ikasten dela ere, beste alor baten ezagutza jasotzeko baliagarri dela aitortzen zuen proiektuak.
Argazki galeria osoa ikusteko egin klik hemen.
Ahozkotasunaren garrantziaz jabetuta, hizkuntzen alorretik beste gainontzeko guztietara egin da jauzi, burutzen ditugun lanak sozializatzeko adibidez; gure lanekin ingurukoak aberasten ditugu, baina, jardun horretan, gure burua etengabe ari gara janzten, egindako lanetatik ikasten. Eta sozializatze horren inguruan hausnartzen jarrita, gure kideei produktu bat eskaintzea bai, baina, bidean haiekin ideiak elkar-jartzea oraindik ere aberasgarriagoa dela ikasi dugu. Horregatik, garai batean berritzaile ziren tartekako talde lanak gogoan hartuta, gure jarduna kooperatiboki antolatzea erabaki genuen, berdinen arteko irakaskuntzari tarte eginez.
Izan ere, XXI. mendeko irakaskuntzak garbi du bere eginkizuna ez dela irakaslea jakintza iturri gisa aurkeztea. Irakasleak ikasleek beren ikaskuntza prozesuan bidaide dituzten gidari behar dute izan, laguntzaile, pixkanaka ikasleek berek estrategia desberdinak garatzeko gaitasunak irits ditzaten. Eta bide horretan, ikasmina piztea ezinbestekoa da, ikasteko grina duenak onartuko baitu laguntza, ez bestek. Eta ikasminak, muinean, jakinmina duela ezin ahaztu.
Jakinminez jardungo diren ikasleak. Horiek dira XXI. menderako erronka nagusia. Eta horri begira sortu da Ikaskuntzarako Testuinguru Berria, alor desberdinen arteko mugak saihesten saiatzen dena; testu liburuetatik abiatu ordez, ikasleen grina errealetatik abiatzen dena; esperientzietatik eta jardutetik ikasten duena; kurrikuluma ziurtatu bai, baina jakintza ikaslearen jakinmina ardatz hartuta egituratzen duena. Talde lanean, teknologia berriak baliatzen dituztela, proiektuka jarduten diren artean, jakintza bereganatzeko bide ematen duena. Ezagutza, ez liburuetan, eta ez ikasgeletako lau hormen artean itxita ez dagoela sinesten duen Testuingurua.
Hezurdura metodologiko berritzaile batetik haratago, Zarauzko La Sallen azala eta mamiaren bila ere bagabiltza. Ikasgelen egitura moldatuz, desberdin antolatuz, espazio berriak sortuz, ikasleak gune horiek bere egin ditzan proposamen eraikitzaileak eskainiz. Ezagutza eta jakintza ikastetxean itxita daudela pentsatzeari utzi, gure inguruari arretaz eta jakinminez begiratu, eta horretatik edatera, eta are gehiago, harekin blaitzera animatu nahi ditugu gure ikasleak, ur korronte guztiak ahalik eta ongien probestuz, olatuen gainean goza dezaten, eta haize boladekin batean, jakinminaren poza barreia.