Analisia: EAJ eta ezker subiranismoa 44 urtez Zarautzen

Erabiltzailearen aurpegia Josu Txapartegi 2024ko eka. 12a, 13:15

Herritar bat botoa ematen, Orokieta haur eskolako hauteslekuan, maiatzean egindako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. (Jabi Gonzalez Toston)

Europako parlamenturako hauteskundeak amaitu berritan, azken 44 urteetako historia laburbiltzen duen idatzia osatu du Josu Txapartegi Txapas-ek. Nolanahi ere, hauteskunde autonomikoetan jarri du azpimarra.

Mende erdira hurbiltzen ari da jada diktadura osteko hauteskunde autonomikoetan jeltzaleen eta ezker independentistaren parte hartzea. Grafikoen bidez gogoeta errazago egin daiteke urte hauetako bakoitzaren ibilbideaz, eta zerbait ondorioztatu ere bai. Begiratu ditzagun EAJren emaitzak:

Diktadura ondoren, 1980ko lehen hauteskunde autonomikoetan EAJk 3468 boto jaso zituen Zarautzen. 1986. urtean bozketan ikusten den jaitsieraren arrazoia EAren zatiketa da. 1986tik 1998raino botoen errekuperazioaikusten da.

2001an lortu zituen EAJk inoizko emaitzarik onenak. Hauteskunde horietara EArekin elkartuta aurkeztu zen eta parte-hartzea oso handia (% 71koa) izan zen hiru probintzietan. Euskaldun asko bozkatzera joan zen beldurtuta, espainiar eskuinak (Mayor Oreja) lehendakaritza eskuratu zezakeela pentsatuz.

2001 eta 2009 urteen artean ikusten den jaitsiera bat dator EAk EH Bildu koalizioa osatu zuten urteekin. 2009tik aurrera EAJk bere indarrari eutsi dio, 2024ko azken autonomikoetan 4948 boto jaso zituen.

Ikus dezagun orain ezker independentistaren urte hauetako ibilbidea:

Hiru etapa nabarmendu daitezke grafikoan. Lehenengoan (1980-1998), ezker abertzaleak 880 botorekin hasi zuen bere ibilbidea, eta ia hogei urteetan sendotzen joan zen.

Bigarrengoan (1998-2009), Espainiako estatuak betidanik erabili zuen jazarpen politikoa muturreraino eraman zuen ezker abertzalea desegiteko asmoarekin: ZEN plana (Zona Especial Norte), atxiloketak, ilegalizazioak, kartzelak, 18/98 Sumarioa, irrati eta egunkarien itxierak, Alderdien Legea, isunak, inkontrolatuak, Frantziaren entregak, GAL, kare biziak, presoen dispertsioak, epaiketak eta pertsekuzio politiko orokorra, ez bakarrik agintari espainolen aldetik. Hamar urtez luzatu zen krisi gogor batean sartu zen mugimendua eta mende erdi batez defendatu zuen ekimen modua errotik aldatzea erabaki zuen, independentziaren eta sozialismoaren bidean gehiengo zabalak eta kulturalki helduak antolatu behar zirela konbentzituta.

Komeni da, halaber, bi data hauek kontuan hartzea: 1988an Ajuriaeneako Ituna eta 1998an Lizarrako akordioa. Ajuriaeneko Itunak ezker abertzalea isolatzeko asmoa zuen, baina grafikoak erakusten du ezker abertzaleak goranzko joera mantendu zuela hurrengo hamar urteetan. Alderantziz gertatzen da euskaldunak elkartu zituen Lizarra-Garaziko Akordioarekin: ezker abertzalea, justu, orduan sartzen da krisi gogor batean.

Kontraesankorrak diruditen egiaztapen horien interpretazioa hau izan liteke: Ajuriaeneako Itunaren kasuan ezker abertzaleak metatuta zeuzkan errepresioaren aurkako antidoto guztiak martxan jarri zituen eta, horrela, erasoari aurre egin bakarrik ez, indarrak pilatzen jarraitzeko adorea erakutsi zuen. Lizarrako itunaren kasuan aktibatu zena estatu espainiarra izan zen, euskaldunen arteko akordio hura espainiarren galbide-iturri gisa imajinatu zutenean. Estatuaren esku zeuden neurri guztiak aplikatu zituzten ezker abertzalearen aurka.

Hirugarren etapan (2009-2024), handitzen joan da ezker subiranistaren garapena. Arrazoien artean, estrategia politikoaren aldaketa, eta, baita ere, EH Bildu koalizioan bat egitea ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta beste indar ezkertiar batzuk. Zarauztarrek eskertu egin dute batasun hori.

Bukatzeko, bi indarrak grafiko bakarrean elkartuko ditugu. Bakoitzaren gorabeherak hobeto ikusteaz gain, ondorio bat ateratzeko aukera ere emango digu marrazkiak.

Bi indar horiei baldintzatu dien faktore erabakigarria EA izan da EAJren igoeretan eta jaitsieretan. Baita ezker subiranistaren kasuan ere. 1998-2009 urteak dira bi indarrak elkarrengandik inoiz baino urrunago ibili ziren urteak. 2001ean atera zion tarte handiena EAJk ezker independentismoari. 2009tik aurrera hurbiltzen joan dira ia berdindu diren arte azken hauteskunde autonomikoetan: EAJ 4948 boto eta Ezker subiranistak 4.964 boto.

Datu horiek 1980 eta 2024ko erroldekin alderatzen ditugunean hobeto ikusten da Zarautzen jeltzaleek eta ezker independentistek urte hauetan guztietan garatu duten ibilbidea. 1980ko Zarauzko erroldak 11.716 boto-emaile zituen, eta 2024koak 18.444. Datuak erroldarekin alderatzen baditugu, ezker subiranistak bere pisu politikoa %7,5tik %26,9ra igo du 44 urteetan. EAJrena, ordea, zertxobait jaitsi da: %29,6tik %26,8ra.

Ulertu behar da boto kopuru handia jasotzen zuela hasieratik EAJk, baina ondorioztatu daiteke Zarauzko mapa politikoa dezente aldatu dela urte hauetan. Subiranotasunaren aldera eta ezker aldera, hain zuzen ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide