Zer zeruren zain?

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Segurola 2016ko ots. 18a, 08:00

 

 

Maite ditugu animaliak. Haietako asko bai behintzat. Oso modu berezian maite ditugu animaliak, zeren ez baitakigu gu geu haietakoak garen edo ez garen. Gizaki batzuk animalia huts sentitzen dira (tarteka bederen); beste batzuk animalia hiztun edo arrazoidun; edo animalia jantziak; edo animalia ahulduak. Zenbaitek diote ‘ugaztun’ sentitzen direla eta gainerako ugaztunen senide. Ni neu idatzia nago ‘amakume’ naizela eta beste izaki amadun guztien kideko. Ez dago asmatzen erraza.

 

Animaliak animalia maite izaten du; jolas egin dezake harekin, eta hil ere egin lezake, eta jan. Txikitatik egin ditzake gauza horiek denak batera: neure espezieko animaliatxoak (haurrak) sumatu izan ditut beste animaliatxo bat maitatzen, izenez deitzen eta gero hura bera —hil eta gero— jaten munduko naturaltasun (animaliatasun?) haundienarekin. Maite ditugu animaliak —beste animaliak— eta oso modu berezian maite ere.

 

Nik zezena maite dut munduan gehiena. Zezena mendian, eta zezena neure herriko plazan eta kalean. Gure bizimodua etxe-zuloko pantallismoan erori denetik, izugarri estimatzen dut sokako zezenak daukan indarra jendea kalera ateratzeko eta gure ohizko ibilera ordenatu eta robotikoa zilipurdika jartzeko. Hainbeste maite ez dudana da zezen-plazako festa, baina hori gustu-kontua besterik ez da neretzat, eta inork ez dezala pentsa uste dudanik zezenketa «tortura» edo «ankerkeria» dela edo holakorik batere. Ni ez naiz animalista eta, zerbait izatekotan, animalisten kontrakoa naiz. Nik animaliak maite ditut, asko behintzat bai, baina ez naiz moralki beste animalien gainetik jartzen; animaliak animalia jaten eta hiltzen du, eta animalistak pentsatuko du denok garela animaliak, baina gu moralki gorago gaudela, eta horregatik izan behar dugula beste animaliak hiltzen ez dituen animalia bakarrak. Animalismoaren azpian nik esango nuke dagoela gizaki askok beren burua ontzeko eta xantutzeko daukaten premia, eta premia honen azpian... nik ez dakit ze kulpa-uste xelebre egongo den.

 

Zezenketan heriotza dago, odola dago, eta gainera nahi duenaren bistan dago, eta animalismoak ere hor jartzen ditu «animaliaren aldeko» indar guztiak edo nabarmenenak; hor ateratzen du odolarekiko hiperxentxiblekeria bat, nere iritzirako animalien kontrako tortura industrial sistematikoa ezkutatzeko bestetarako ez dena. Bai, jaunak eta andreak: elikadurako eta denborapasako industria torturatzaile «garbi» odolgabea da ezkutatzen dena, edo errugabetzen edo zuritzen dena, arreta guztia eta oker nagusia «festa odoltsuan» jarriaz.

 

Ni ez nago animaliak hiltzearen kontra, baina bai torturatzearen kontra, eta tortura da bizia izorratzea, eta bizia izorratzen zaio animaliari, besteak beste, zoologikoko kaiolan eta granja industrialean, betiereko argitan eta anibiotiko eta hormona artean. Hori da bizia izorratzea, eta ez zezenari egiten zaiona. Eta bizitik hil-aurrera bagatoz, hil-aurre beltza hiltegi industrialekoa da, zezen-plazakoa baino mila bider beltzagoa; ganadua ilaran, bere hurkoen heriozko marruak eta hildako animalien usaina aditzen, zer datorkion ederki sumatuz, inori adarkadarik emateko aukera txikiena gabe, modu seguru eta odolgabe batean hiltzeko zain geldi-geldirik. Berriro diot, eta benetan diot: animalismo odol-xentxibleak izugarrizko mesedea egiten dio industria torturatzaileari, ezkutuko sarraski hau dena «festa odoltsuaren» kontrako zarataren azpian ixilpean bezala edukiaz.

 

Ez dakit zer zeruren zain bizi diren gure animalistak, baina ni zain nago noiz hasiko diren kontra egiten animalia askoren tortura bizi-izorratzailearen gainean eratua dagoen infernu industrialari, eta, era berean, hiltzeraino deprimitutako animalien erakustoki diren zoologikoei; ageriko borroka gorria azken-azkenerako utzirik, ezkutuko tortura zuri sistematikoa eta egunerokoa porrokatzen.

 

Noiz hasiko diren, eta noiz hasiko garen edo naizen. Maite baititugu animaliak, oso modu berezian maite ere: maite ditugu granjarik gabe, zoologikorik gabe, hiltegi industrialik gabe eta animalismo aingerutiarrik gabe: animaliak izaten uzten ez digun animalismorik gabe.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide