Zarauzko balearen bizkarretik bildutako 10 arpoi

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Epelde 2024ko mai. 22a, 16:30

Edo Zarauzko balea izeneko liburua irakurri berritan bururatutakoak.

  1. Liburu ederra da oso, hitzaurre dotorearekin, Xabier Alberdi Lonbidek egina. Eserialdi pare batean irakurtzekoa; arin. Geldirik denbora gehiegi daramazula abisatzen dizun ordulari horietako bat erabiltzen baduzu, igual hiru edo lau eserialdi. Gehienez.
  2. Zarauzko balea Zarautzen harrapatu zuten 1878ko otsailaren 11n. Baina ez da inoiz Zarauztarrena izan, Getariarrek eraman baitzuten. Epaiketa ere galdu egin genuen. Bertsoek salbatu zuten eta dute Zarauztarren ohorea eta duintasuna, Zarauztarren egiya.
  3. Roke Etxabe izan zen bertso-jartzailea. Roke Etxabe izan zen baleari lehen arpoia sartu ziona eta beraz, lanik zailenak egin zituena; berak jarritako bertsoetan kontatzen da hori. Roke Etxabe izar bat izango zen garai hartan. Influencer bat: Izen horrekin edonor! esan dezake batek. Ados nago.

Arpoia eskuan da

Korajez beterik,

Roke Etxabe zegon (nengon esan nahi zuen, baina umiltasun keinu batek egin zion ihes)

Aurrian zut-zutik;

Ez al zaio azaltzen

Balia urpetik,

Ezarri zion firme

Bizkar-ezurretik,

Jendiak esan zuan:

Orrenak egin dik”

Portzierto. Nik ere badaukat aurreneko 5 abizeneten Etxabe bat. Arpoirik ez dakit gordetzen dudan.

  1. Bertsoak kalitate, finezia eta indar handikoak direla iruditzen zait. Halamoduzko bertso batzuk, diot nik, ez zuten ohorea hain ondo gordeko.
  2. Getariarrekin beti ibili izan gara xextran Zarauztarrak. Getariarrak Zarauztarrekin ere bai. Ondo, rollo onean baina adarra joaz beti. Kontua da balearena oso gauza serioa izan zela. Serioagoa balea harrapatu aurreko bi urte lehenago bukatu zen gerra karlista. Zarautz karlisten gotorlekua izan omen zen, liberalena Getaria. Getariarrek gerra irabazi zuten nolabait, eta gainera balea eraman. Ulertzekoak dira Rokeren tiroak :

Gizon petrala pranko

Bazan an orduan,

Kañoi bat kargatuta

Iruki banuan,

Kulpa zuben guziya

Garbituko nuan

Eta honelakoak:

Getariar oriek

Danak bildurtuta

Kanpuan egon ziran

Kobardiatuta.

Oso mantso mugitu

Sapo baten gisan,

Oiekgatik balia

Oraindik bizi zan.

  1. Bertso-sorta, dena den, direnak eta ez direnak bota eta lasai geratu ondoren, kristau zintzo batek eskatuko lukeen bezala amaitzen dira. Bakean.

Gorrotorik ez artu

Alkarren artian,

Egon nai ezpadegu

Loturik katian

Danok sartzeko gero

Zeruko atian.

  1. Horregatik diot Zarauztarrok eta Getariarrok adiskidetasun egun bat antolatu beharko genukeela, otsailaren 11n (balea harrapatu zuten eguna), balearen egun bat: itsasoari gorazarre egiteko, besarkada-egun bat izateko, gure familia-sisteman katigatutako jostorratzak ateratzeko. Zergatik ezkontzen dira bestela hain getariar gutxi zarauztarrekin? Badakit zaila izango dela: ez dugu alferrik Euskal Herriko errepiderik garestiena Zarautz eta Getaria artekoa. Bi herri haserretu ezin dira lotu nolanahi.
  2. Balea hiltzeko lanik zailenak zarauztarrek egin zituzten: hasierako arpoia sartzea. Hortik aurrerako lanak Getariarrek. Baina, funtsean, eta hemen dator ipuin honen ikasgaia, balea usteldu egin zen. Balea inorentzat ez azkenean. Hezurrak bakarrik libratu ziren eta Donostiarrek erosi zituzten.
  3. Baleak ugaztunak dira, gu ere badira nolabait. Aspaldi da baleen kantuak gure kostan isildu zirela. Kantu bazkariren bat edo beste kenduta, gure kantuak ere ez ote diren isiltzen ari…
  4. Herri nortasun handia erakusten dute balearen inguruan gertaturikoek. Nortasun hori ia erabat galdu dugula iruditzen zait. Lehen zarauztarra izatea bazen; haizea izatea, (euskal) jairik ederrenen herria izatea, elkar, gehiago edo gutxiago, denok ezagutzea eta bizitzan behin bada ere, moilatik murgil egitea. Orain, izaera Zarautzen bizitzeak ematen digu eta ez bertakoa izateak, Fotocasan errekorrak bata bestearen atzetik jartzen dituen herrian bizi garelako. Ez ote duten getariarrek arrazoi izango azkenean:

Zarauztarra txorua

Balia iltzera

Arpoia amuts-amutsa

Arria jotzera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide