abizari. iz. Habiondokoa, oiloei toki jakin batean (habia egin dezaten) jartzen zaien gezurrezko arrautza.
Oiloak arrautzak errutea nahi den toki jakin batean jartzen den gezurretazko arrautzari deitzen zaio abizari edo habiondoko. Gezurrezko arrautza hori modu askotara egin ohi zen lehen; izan zitekeen karez betetako arrautza-oskola, ate baten portzelanazko heldulekua, egurrezko arrautza edo arrautza baten itxura har zezakeen edozein gauza (Zarautzen, golfeko pilota zaharkitua, esaterako). Horrez gain badu beste erabilera bat abizari hitzak: norbait jokora erakartzeko jartzen den dirua; nolabaiteko karnata, jokoari hasiera emateko. Oiloen habietan jartzen ziren abizariak, gehienetan, kolore argi edo zurbilekoak izan ohi ziren, arrautzak duen kolorearen antzekoak; hortik, beharbada, esamoldea hau: abizariak baino kolore eskasagoa zeukak! Zurbil egon, kolore txarra eduki; gaixo-kolorea eduki esan nahi du, jakina. Norbaiti jukutriaren bat egiteko trikimailuari, berriz, hori abizaria baino ez duk! esaten omen zitzaion, norbait engainatzeko apasta botatzen zenean, jokorako edo…; norbait diruarekin edo beste zerbaitekin erakarri eta, gero, koitaduari bereak kimatu, alegia. Eta, alderantziz, norbaitek mesede, diru, eragingarri edo pizgarri bat eskatu nahi duenean ekintza edo negozio batean hasi aurretik, eskatu behar omen luke horrela: oiloak erruteko nahi du abizaria. Hau da, jar ezazu hor zerbait tentagarria nahi baduzu ni negozio horretan sartzea.