lakari. 1) iz. Ale neurri zaharra, ia bost litroko edukierakoa; neurri horretan sartzen den ale kopurua; neurri hori hartzen duen ontzia.
Aleak neurtzeko erabiltzen den (zen) ontzia da lakaria, arotzek egindako neurri jakineko kaxa edo kutxa baten itxuran; askotan, ontzi bikoitza izan ohi zen eta alde batetik lakaria eta bestetik lakari-erdia neurtzen zuten. Hamabi lakariz anega osatzen da, eta laka (edo almutea) lakariaren erdia dira, gutxi gorabehera. Zein ale motaz betetzen den lakaria, hainbat pisu izan ohi du. Babarrun-lakariak hiru kilo eta laurden izan ohi ditu, gutxi gorabehera. Lakariak neurtzeko, alez ondo bete eta zurezko nahiz metalezko tresna batekin (arraskina, arrasera, arraseroa…) kentzen zitzaizkion soberan zeudenak. Arrasean neurtzen zen edo galga pasatu (uste dut horrela esaten zela). Gaztainak eta intxaurrak neurtzeko, ordea, lakari-ontziaren gainetik botatzen ziren intxaur- eta gaztaina-aleak eta lakaria ondo neurtua ontzi barrukoak eta haren gaineko tontorrekoak (guztiak) ziren lakaria osatzen zutenak. Gizonezkoei ezkontzeko baldintza nahiko erraza jartzen zitzaion esapide zahar baten arabera: lakari labore bete jasotzeko gai izan, hau da, hiruzpalau kiloko ontzia jasotzeko gai izan; emakumeei gauza gehiago eskatzen zitzaien, itxura denez…