majo. 1) iz. Galaia, eta, hedaduraz, senargaia, adiskidea, bikotekidea.
majo. 2) adj. Polita, dotorea; liraina, lerdena, itxura onekoa; ederra, guapoa; indartsua edo planta ederrekoa.
majo. 3) adj. Itxurazkoa, handi samarra; neurri handikoa,
majo. 4) adb.Bapo, ederki.
Majo deitzen zitzaion, garai batean, behintzat, galaiari, gizonezko gazte dotoreari, gaztelerako majoren eraginez, seguru asko. Beraz, majo itxura oneko mutila adierazteko erabiltzen zen, eta baita, hedaduraz, senargaia edo adiskidea adierazteko ere. Majo hitzak beti du berekin dotorezia puntu bat edo halako aberastasun punttua, gainerakoetatik zerbait gehiago izatea edo izatearen nahia. Esaera zahar hauetan majoaren dotorezia aipatzen da: 1) Beti majo nahi duena, beti zarratrako. 2) Beti majo nahi duena, beti zirtzil. 3) Beti majo, beti fardel. Adarra jotzeko (edo misoginiaz) esan ohi zen garai hartako neskatxak, maiz, majo on baten bila ibiltzen zirela. Txirritak kantatzen dio zahartuxe dagoen neskari: Garai batez majuak / bazituan sobran… Hitzak bazuen genero-marka (majak baziren Madrilen, baina ez dut uste "maja" erabiltzen zenik euskaraz esanahi horrekin (neska dotore adierazteko, alegia), adjektibo bezala baizik: Hi, maja!, hago isilik, hik ere baditun okerren bat edo beste eginek eta… Adjektibo era horretan erabiltzen denean generoak markatzen dira: maja / majo, eta dotoretasuna, liraintasuna, itxura ona, edertasuna eta era horretako ezaugarriak azpimarratu. Beste era batera, atsegina, jatorra, tratu onekoa, adeia… izatea ere adierazten du zenbaitetan: Zer maja den Idoia! Azkenik, adjektibo izaera honekin, ugaritasuna edo handitasuna ere adieraz dezake; horrela, edale majoa asko samar edaten duena da, ipurdiko majoa jasota doanak ipurdiko handia hartu du eta sasoi majoa duena sasoi ederrean dago. Esanahi horretatik nahiko hurbil (ondo, bapo, ederki…) adberbio gisa erabiltzen da: 1) ia ehun urte ditu eta oraindik majo dabil, 2) saiatu zen majo, baina ez zuen lortu motozerra martxan jartzea, 3) majo ibili ondoren iritsi ginen etxe santu horretara… Nahiko entzunak dira majorekin osatutako hainbat esapide: majo edan, majo erre, majo ibili, majo jan, majo gastatu…