kana. 1) iz. Luzera neurria, metroa baino zerbait laburragoa, lehen oihalak neurtzeko erabiltzen zena eta gaur egun, batez ere, enborrak neurtzeko.
kana. 2) iz. Kanabera, kañabera, kaña.
kana. 3) iz. Makila, haga, batik bat eskuan makulu edo bastoi gisa erabiltzen dena, zenbaitetan kanaberaz egina.
Badirudi kana hitzaren esanahiak zeharo lotuta daudela kanabera edo antzeko makilarekin, bai zentzu zehatz horrekin erabiltzen denean (hau da, kañabera edo kaña bat adierazi nahi dugunean), baita ere esku-makila, makulu edo bastoia adierazten duenean. Horrez gain, ordea, izan zuen beste erabilera bat ere, gaur egun aski atzendua dagoena leku eta inguru askotan, kana luzera neurri bat baitzen, batik bat oihalak eta ehunak neurtzeko erabiltzen zena. Herri batzuetatik bestera aldatu egin ohi zen kanaren luzera, baina, herri edo hirietan, agintariek izan ohi zuten eredu edo patroi bat metalez edo burdinaz egindakoa. Dendetan ohikoa izaten zen zurezko koadradilloa, zenbaitetan ertzek metalez indartuak zituela. Metroa neurri hartu ondoren ere erabili izan dira horrelako kana edo makilak tela-dendetan. Gaur egun ia enborrak neurtzeko besterik ez da erabiltzen kana. Esaterako kana-erdiko enborrak 40 bat cm-ko diametroa izan ohi du edota, beste era batera esanda 125 cm-ko ingurua edo zirkunferentzia. Zirkunferentzia hori, bestalde, 54 ontzakoa da; hau da, 125 cm : 54 = 2,31 cm-koa da ontza, gutxi gorabehera herri anglosaxoietako hazbetea (inch, pulgada). XX. mendeko ia amaiera arte, baserrietan-eta kordel bereziak erabiltzen ziren ganaduaren pisua erraldeetan asmatzeko. Kordelak izan ohi zituen arrak eta ontzak kolore gorri eta berdeko hariekin markatuta, eta neurriak hartuz kopetatik isatsera, lepo ingurua, bizkar-burukoa eta gerri bueltakoa kontuak egiten ziren animaliaren pisua kalkulatzeko (eta neurketa nahiko zehatzak izan ohi ziren horretara ohitutako jendeak egindakoak). Esapide eta esaera zaharretan, oraindik ere, bada kana hitzaren arrastoa. Horrela, norbait komeni ez zaizkion kontu, ekintza edo negozioetan sartzekotan denean edota norbait besteen arazoetan sartu nahian dabilenean, eman ohi zaio aholku esanez: ez hadi hamaika kanatako kamisan sartu edota ez hadi kana-erdiko kamisan sartu. Ulertzen oso errazak ez diren beste esapide batzuk ere badira (1) atalburuan kana 2) atalburuaren kana 3) atalburuko kana; esan nahi omen dute: ezin da edozer gauza egin, etorriko zaizu egindakoaren ordaina, merezi duzun hori; alegia, atearen buruan dago neurtuko zaituen kana, edo beste era batera esanda, neurtzen duzun neurriaz neurtuko zaituzte. Kana eta ontzetan zatitutako soka erabiliz ganaduaren pisua kalkulatzeari kordela botatzea deitzen zaio. Beste esaera zahar batzuk kana hitza erabiltzen dutenak: 1) Gizona ez du egiten bi kanak. 2) Hamabi: txakurraren buztanak kana bi.