Tratu

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2021ko mai. 18a, 18:13

Ikusi hitzaren esanahiak


tratu. 1) iz.Nekazariak azokara eramaten dituen salgaiak.

tratu. 2) iz.Saleroste jarduna; salerostea.

tratu. 3) iz.Norbaitekin izaten den harreman edo erlazioa.

tratu. 4) iz.Tratatzea, tratatzeko edo erabiltzeko era.

tratu. 5) iz. Neke handia eragiten duen lana.

tratu. 6) iz. Hitzarmena.

Esanahi ugari dituen hitza da tratu. Agian esanahi horietatik ahaztuena da nekazariak azokara, plazara, eramaten dituen salgaiak adierazteko erabiltzen dena: egunero tratua eraman ohi zuen plazara. Esanahi horrekin, tratua saldu da barazkiak eta baserriko beste hainbat etekin azokan saltzea. Esaera zahar batek dio: Artoa ereiten duenak, artoa jateko; tratua duenak, ogia. Horrez gain tratu deitzen zaio saleroste jardunari, eta tratua egitea da zerbait trukatu edo erosteko egiten den hitzarmena. Tranpazko tratua egitea adierazteko erabiltzen den esapidea izan ohi da behi nabarraren tratua egitea. Norbaitekin izaten den harreman edo erlazioa adierazteko ere erabil daiteke tratu hitza, eta, jakina, tratu ona edo tratu txarra izan daiteke norbaitekin; baita norbaitekin traturik ez izan ere: nik ez dut traturik halakorekin (alegia, ez dut halakorekin hitz egiten). Norbaiti tratu txarra eman (norbait gogor hartu)eta tratu txarrak eman (norbait jo edo hitzez edo ekintzaz gaizki tratatu) ez dira gauza berbera. Esaera zaharrak dio: Ez dezazula ukan haboro tratu gaiztoarekin nola baitu erriberako lantxerrak (ihintz edo behelainoak) iparrarekin. Tratatzeko edo erabiltzeko erari tratamendu edo tratu deitzen zaio, eta baita norbaitekiko joerari ere. Azkenik, neke handia eragiten duen lanari ere tratu deitzen zaio: ez dik tratu makala hartu! (kirola edo lana neurri handiz egin duenari), eta baita hitzarmenari ere: tratua egin diat semearekin (hitzarmena, nolabaiteko konponketa). Lehengo zaharrek uste zuten senarrak etxeko diru guztien jabetza izatea ez zela parte onekoa: Tratua tratu, senarrak boltsa, deabruak eramaten du holako ezkontza. 2) Tratua tratu, senarrak boltsa, deabruzkoa da holako ezkontza. Saltzen eta erosten dabilena tratuan dabil, eta hala dabilen pertsonari tratante edo tratulari deitzen zaio. Tratuan maltzur jokatzen duenari esaten zaio: ez hago tratulari txarra! eta tratu latzekoa denari, tratatzeko pertsona zaila denari: (gizon, emakume, pertsona…) puzmina (dela)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide