tresabi. iz. Ganadua ukuiluan loturik hazten denean, janaria emateko antolatzen den gunea edo ontzia, gehienetan zurezkoa (lehen).
Ukuilu tradizionaletan lekune bat antolatzen zen abereak (behi eta txahalak, batik bat) loturik egoteko (katez lotuta eta beren lekuetan gehiegi mugitu gabe, esan nahi da), eta lekune horren aurrean beste gune bat janaria kokatzeko, abereek izan zezaten ontzi, leku edo egitura bat handik bertatik jateko. Jateko leku horri tresabi deitzen zaio Zarautzen eta inguruetan, eta hiztegietan sinonimotzat erabiltzen dira beste zenbait lekuetako ganbela, eta aska. Hala ere, nire ustez, diferentzia nabarmen bat bada tresabi eta beste bi horien (aska, ganbela) artean. Tresabia beti tinkoa izaten da, eta ganbela eta aska mugikorrak izan daitezke: egurrez (lehen) edo beste gai batez egindako ontziak baitira. Horrela, aska bat jar daiteke tresabi batean (haren barruan edo gainean) txahalak pentsua jateko, esaterako, ontzi bat gune batean sartzea litzateke, baina inoiz ezin da tresabi bat bere lekutik mugitu, eta are gutxiago aska batean sartu! Norbaiten baserritartasuna azpimarratu nahi denean esan ohi da: motel!, motel!, ukuiluko tresabia baino baserritarrago duk hori! Esaldia iraingarria izan daiteke, jakina.