kodaina. 1) iz. Arrantza tresna, txibi, potxa, begihandi eta antzekoak arrantzatzeko erabiltzen dena.
kodaina. 2) iz. Sega.
Kodaina hitzak bidaia luzea egin du gugana iristeko. Joan Corominesen arabera, gotikotik abiatu, latinetik pasatu eta iritsi da euskarara. Gaztelaniazko guadaña du lehengusu propioa, eta esanahi horrekin, sega esanahiarekin, alegia, erabiltzen dute Bizkaian; hala ere, zehaztasunez hitz egin nahi badugu, ote, sasi eta laharrak menderatzeko erabiltzen den sega motz eta sendoari deitzeko hitz aproposa omen da. Gure kosta-ertzera ailegatu zenean, ordea, beste tresna bat adierazteko balio izan zuen, arrantzale jendeak ondo dakien moduan: txibi, potxa, begihandi eta antzekoak arrantzatzeko erabiltzen den tresna bat izendatzeko, hain zuzen. Gorputz astuntxoa du, eta ertz batean hainbat orratz kakotu, gorantz okertuak. Arrantzaleak gora eta behera mugitu behar du kodaina txipiroiek-eta arraintzat har dezaten, eta tiraldi batekin txalupara igo txipiroi, potxa (pota, txokoa) edo dena delako koitadua kodainaren orratzetan katigatuta. Garai batean kodaina famatuenak Puerto de San Mariakoak ziren. Pazientzia handiz Puertoko presoek egiten zituzten listaria trinko-trinko biribilduz kodainaren barneko arima metalikoaren inguruan. Gaur egun errazago ikusiko dituzu Koreatik ekarritakoak, batzuk argi berdexka fosfoa dutela, eta beste batzuk arrain edo ganba itxura ematen dion plastikozko estalki batekin, euskara gaiztoan potera deitzen ditugunak.