badaezpada, badaezpadan. adb.Gerta daitekeena aldez aurretik kontuan edukirik.
Gure arbasoen garaian, zuhurtziari garrantzi handia eman zaio beti; gero zer gerta daitekeen kontuan hartzea ongi egindakoa omen. Hortik badaezpadakoak duen ospe gozoa. Gure artean bi esamolde daude gerorako kontu hartzeko hori: badaezpada ere, eta badaezpadan ere (ahozkoan bazpare eta bazpane entzuten direnak). Dakitenek diotenez, badaezpadan ere Bizkaiko esapidea da, baina gure lurraldeetaraino iritsi dena (Zarautzen erabilia, bederen), eta horrek erakusten du noraino iris daitezkeen bizkaiera deitzen diogun euskalki horren isoglosak. Zer gertatuko den jakin ez eta aurretik kontuak ateratzen direla adierazteko erabiltzen dira bi esamoldeak, hau da, zer gerta ere aurrez egiten dena adierazteko. Norbaitekin kontu izan behar dela adierazteko, esate baterako, esan ohi da: badaezpada ere ez behatzik eman ahora; esan nahi dugu: kontuz ibili horrekin!, ez dirudi, baina… Bizitzeko filosofia patxadatsua duenarengatik, aldiz, esan ohi da: Zorrak zor, lepondoa lodi; badaezpada, mokadu goxoak sarri. Zalantzak eta susmoak sortzen dituena, segurua ez dena, badaezpadako pertsona da. Badaezpadako adjektibo horrek badu, ordea, beste esanahi bat ere. Oso ona, harrigarria, superra esan nahi du. Badaezpadako autoa erosi dik!, badaezpadako etxea zeukak horrek!, badaezpadako trajea jantzita joan zuan ezteietara!