Txardango

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2020ko mai. 28a, 11:05

(Argazkia: Wikipedia)

Ikusi hitzaren esanahiak

txardango. 1) iz. Urkila, zerbaiti (sarea, zuhaitz-adarra, haga…) eusteko erabiltzen den euskarri edo tresna, V forman amaitzen dena.

txardango. 2) iz. Sarde mota, bi muturretan amaitzen dena (V forman), eta hainbat lanetan erabiltzen dena, karobietan, esaterako.

txardango. 3) iz. Bi hankako egur bat, bi adarretan zabaltzen dena eta belar ondua itzultzeko erabiltzen dena.

txardango. 4) iz. Bi hankako egur bat, bi adarretan zabaltzen dena, eta tiragoma egiteko baliatzen dena (zena). Tiragoma bera.

txardango. 5) iz. adj.? Hankarte handiko pertsona, hankak txabal-txabal eginda ibiltzen dena. Hitz iraingarria da, arrunkeria ia.

Oinarrian, txardangoa beti gauza bertsua da: bi adar edo zatitan banatzen den zerbait, V forma hartuaz, eta orohar, egurra izan ohi da txardangoaren gaia. Hala ere, tamaina eta era askotakoa izan daiteke, eta, batez ere erabilera asko izan ditzake. Esate baterako, hainbat gauzari eusteko: sareei, zuhaitz-adarrei, haga edo enbor bat…; karobietan erabiltzeko, sarde gisa, belar ondua itzultzeko hobeto ondu dadin, tiragoma bat egiteko eta abar. Zarautzen, garai batean, tiragoma berari deitzen zitzaion txardango, osagaiarekin izendatuz tresna osoa. Txardangoaren irudian oinarrituta, txardango deitzen zaio, edo txardangoaren antzeko hankak dituela esan hankarte handiko pertsonei, hanka zabalka ibiltzen direnei, baina irain-hitza da, ia arrunkeria bat.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide