Toles, tolestatu, tolestu

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2020ko api. 2a, 20:45

Ikusi hitzaren esanahiak

 

 

toles. 1) iz. Gai malgu baten zatia gauzaki bereko beste zati baten gainean gertarazten edo ipintzen dena, behin edo gehiagotan, bakoitzean lodiera bikoiztuz.

toles. 2) iz. Itzulingurua, gauzak zuzenean egin ordez beste era batera (itzulinguruz) egiten duenaren joera.

toles. 3) iz. Itxurakeria, zurikeria, jokaera garbia ez duenaren amarrua edo azpikeria.

tolestu, tolestatu. 1) ad. Gai malgu baten zatia gauzaki bereko beste zati baten gainean gertarazi edo ipini, behin edo gehiagotan, bakoitzean lodiera bikoiztuz.

tolestu. 2) ad. Gorputz-adarrez ari garela, bildu, gorputzaren aldera hurbildu beso edo hankak.

tolestu. 3) ad. Zerbait behar bezala antolaturik jarri, txukun eta egoki pilaturik.

tolestu. 4) ad. Zerbaiti egokitu, esandakoari edo agindutakoari amor eman.

Toles eta tolestu (tolestatu ere esaten da) hitz ahaztu samarrak ditugu, edo baztertzeko joera dugu beste batzuen faboretan; izan ere, neurri batean, doblatu hitza daukagu, ustez esanahi bertsuarekin eta erabiltzen errazagoa dena, baina kontu izan behar dugu ez baita horrela, bat bestearengatik aldatzeko modukoa. Tolestu eta doblatu ez dira gauza bera, eta bakoitzak badu bere eremu semantikoa, bere esanahi propioa eta bietatik atal bakar batean bakarrik dute esanahi bera tolestu eta doblatu hitzek. Hori da gai malgu baten zatia gauzaki bereko beste zati baten gainean ipintzen dugunean: musuzapia tolestu edo doblatu (biak 0ngi daude) egin genezake poltsikoan sartu aurretik, baita maindireak ere armairuan sartzeko. Horrez gain, toles hitzak badu beste esanahi bat ere, ilunagoa eta izaera makur edo ezkutukoa duenari zuzentzen zaiona, eta, horrela, tolesduna deitzen zaio tolesez betea dagoen pertsonari, itzulinguruka ibiltzen denari, gauzak zuzen esan edo egin gabe; edo, okerragi, itxuratia edo zuria denari. Alderantziz, pertsona tolesgabea deitzen zaio amarrurik edo zurikeriarik gabeari; gainerakoen ustez beti zuzen eta azpikeriarik gabe jokatzen duenari. Tolesgarriak dira toles daitezken gauzak, aterki mota bat, esaterako, eta tolestura toles egitean sortzen dugun toles bakoitzari. Amaitzeko, beste bi esanahi tolesturentzat: 1) Tolestea da zerbait behar bezala antolaturik jartzea, batez ere multzo handi batean (arropak, belar-metak, gari-azauak edo ordena berezia eskatzen duen edozein lekutan). 2) Esanari tolestea da zerbaiti egokitzea, batez ere esandakoari edota agindutakoari egokitzea edo amore ematea.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide