Nekez

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2020ko urt. 24a, 11:41

Ikusi hitzaren esanahiak

nekez. 1) adb. Eragozpen edo zailtasun handiz.

nekez. 2) adb. Zerbait gertatzeko aukeraz ari garela, zailtasun handiz gerta daitekeela adierazteko erabiltzen den hitza.

nekez. 3) adj. Neketsua, zaila.

Kostata egiten denari, neke askorekin edo zailtasun ugarirekin, nekez egina dela esaten zaio. Beste erabilera batzuetan nekez hitzak adierazi nahi du ia gerta ezinezkoa dela nekez horrekin markatu dugun gertaera edo ekintza; esaterako, nekez erosiko duzu merkeago esaten dugunean, adierazi nahi dugu ia ezinezkoa izango dela merkeago aurkitzea. Zerbait zaila, gaitza edo neketsua dela adierazteko, berriz, zerbait hori nekeza dela esan ohi dugu, adibidez: egunero basora lan egitera joatea gauza nekeza da edo euskaraz irakurtzea nekeza egiten zait niri. Zailtasunaren esanahi hori azpimarratzeko nekezago ere erabiltzen da: soro-barrenak ateratzea baino lan nekezagorik ez dut ezagutu. Esaera zahar askotan erabiltzen da nekez hitza; hemen horietako mordoxka bat: 1) Eralgi erraz, irabazi nekez. 2) Errezil, nekez bizi eta erraz hil. 3) Gaizki egina nekez ahazten da. 4) Gizonak gizona nekez ezagutu ohi du. 5) Langile txarrak kakalarria sarri, urrutira joan eta nekez etorri. 6) Laster ikasia, laster ahantzia; nekez hartua, betiko hartua. 7) Nekez bildu, aise banatu. 8) Nekez harturiko gauza nekez utzi. 9) Ohakoan (sehaskan) dena ikasten, nekez da gero ahazten. 10) San Antolin (IX-2), nekez etorri eta joan arin. 11) San Joan (VI-24), nekez etorri eta arin joan. 12) Senda daitezke zauri ezpatazkoak, baina nekez mihizkoak. 13) Txakur zaunkariak nekez helduko dizu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide