arreske. adb. Animalia emeez mintzatuz, umeske, umea biltzeko grinaz.
Abereek izan ohi dute garai bat umea biltzeko grinaz ibili ohi direnak; horri, orokorrean arreske egotea esaten zaio; finago hitz egin nahi bada, umeske esan daiteke,eta ia arrunkeriaren mailara jaitsiz, argose edo bero dagoela esan ohi da. Kontua da etxe-abere bakoitzari bere hitz berezia dagokiola egoera hori adierazteko, hitz horiek galtzeko bidean badaude ere. Horrela, behia susara egoten da; astemea edo behorra, iel; txakur eta katu emeak ohara; txakurrengatik esan ohi da, baita ere, altan edo ozal daudela; ahardia (txerri emea) irausi dago horrelakoetan; ardia, arkara eta ahuntza ahunzkara.
Ipuin zahar batek dio aspaldi batean urrutiko baserri batera ezkondu zela mutil jator eta indartsu bat, eta ezkondu eta probatu bezain azkar konturatu zela ikaragarri gustatzen zitzaiola "asuntoa". Kontua da aitaginarrebak beste zerbaitetan erabili nahi zituela ezkonberriaren indarrak eta morroskoak nahi baino denbora gehiago erabiltzen zuela baserrian aitzurrean, goldean eta lurra jorratzen beste bazter ezkutu batzuk lantzen baino, eta mutiko gaixoak irrikak eta grinak beti gauza bakar batean zituela, baserriko lurretan ez, baserriko alaban baino. Horrela, egun batean, bazkalondoko siesta egin ordez eguzki galdetan soroan lanean ari zela bertso hau bota omen zuen:
Gure etxean, behia susara,
txerria, berriz, irausi,
asto zuria arrantzaz dago,
ieltzen ote da hasi?
txakurra altan, katua miauka,
arreske joan da ihesi,
neu ere lanak bertan utzita,
etxera joango naiz kasi.
Eta dena bertan behera utzita etxera joan omen zen, beste lur mota bat jorratzera.