trailu. 1) iz. Irabiurra, garia larrainean jotzeko, babarrun-leka helduak jaulkitzeko edo garai bateko koltxoien barruko artileak astintzeko tresna, soka batez loturik dauden bi makilaz osatua.
trailu. 2) iz. Laborantzako tresna; egurrezko egitura zabala da, oholez osatutakoa, eta alde batean burdinazko hortz modukoak edo harri zorrotzak ditu ezarriak, beste aldea leuna da, gainean jartzeko modukoa. Larrainean hedaturik dauden laboreen gainean herrestan eramanez (zaldi edo idiak direla tiratzen), trailuak alea eta lastoa bereizten ditu; gaztelaniaz trillo deitzen zaio.
Lehenengo esanahiari lotura, trailua astindu da tresna hori erabili artilea astintzeko; hedaduraz, norbaitek beste norbaiti gogor hitz egin, harekin gogor jokatu edo kargua zorrotz hartzen dionean esaten da trailua astindu duela; eragile gogorra denak ere, trailua astindu behar izaten du jendeak lan egin dezan. Bigarrenaz ari garela, trailua edo trilua egin deitzen zitzaion larrainean garia edo laborea jarri eta landaretik alea eta lastoa bereizteari. Zenbaitetan tresna sinpleena erabiltzen zen horretarako, irabiurra (ikusi trailu 1), baina beste zenbaitetan (labore gehiago zenean) aziendak arrastan zeramaten goian aipatutako (trailu 2) beste lanabes hori.