ardagai. iz. Zuhaitz enbor-azaletan hazten diren hainbat onddo bizkarroi, oinik ez dutenak (batik bat pago-zuhaitzetan bizi den Fomes fomentarius).
ardagai. iz. Goian aipatutako onddo horiek lehortu ondoren haien izpiekin egiten den gaia, sua pizteko erabiltzen dena.
XIX. mendera arte ez ziren pospoloak asmatu; ez behintzat era komertzialean saltzeko moduan. Gainera, hasieran nahiko arriskutsuak ziren pospoloak, fosforo zuria izaten baitzuten, substantzia pozoitsua, sukorra eta erabilera arriskutsukoa. Nola pizten zuten sua pospoloak baino lehen? Oinarrian, txinparta bat sortu eta txinparta horrek gai oso lehorrean brasa txiki bat sortzea zen sua pizteko modu ezagunena. Baserrietan eta landaetxetan ohikoa izan ohi zen gauean su-txingarrak errautsez estali eta gau osoan errauts horien babesean ustea urrengo goizean txingar haien gainean sua pizteko. Bestela, beti izan ohi zen etxean ardagaia edo amukoa (lihoaren izpi lehorrak), burdina eta su-harria elkarren kontra jo eta haiek sortutako txinpartak gai lehor horiei su emateko. Zerbait oso iharra dela adierazteko, erabat sikua dagoela, esan ohi da ardagaia baino iharrago dagoela; era bertsuan, esan ohi da (zerbait edo norbait) ardagaia baino lehorrago dela oso lehorra denean. Alferrikako arriskuak saihestu egin behar direla esateko erabiltzen da esamolde hau: suaren ondotik ardagaia kendu egin behar da. Euskaraz konparaketa asko erabiltzen dira norbaiten egoskortasuna (edota egoskorkeria) adierazteko (seinale egoskor ugari dela gure artean). Ikasi berria dut beste bat (eskerrik asko, Gari): ardagaia baino egoskorragoa izan.