ospel. 1) iz. Hotzak eraginda eskuetan, belarrietan edo oinetan gertatzen den handitu mingarria; zenbait lekutan azkordin deitzen zaie.
ospel. 2) adj. (baita iz. ere). Tokiez mintzatuz, laiotza; hau da, eguzkiak denbora laburrez harrapatzen duen toki edo parajea.
ospel. 3) adj. Eguraldiaz ari garela, tristea, hotz samarra eta, batez ere, iluna edo hezea.
Ez dago ziur esaterik lehengo neguak hotzagoak zirelako, edota negu horietan etxeak hotzagoak, baina bai lehen jendeak maizago izaten zituela ospelak. Hotzak eraginda eskuetan, oinetan, eta belarrietan grano edo pusloa sortzen zituen handitu mingarriak dira ospelak. Ospel horri buruz ari dira esaera zahar hauek: 1) Ospelak sendatzeko erremediorik onena, maiatzeko ihintz epela. 2) Ospelak sendatzeko, babalorea botikarik onena. 3) Sasoian sasoiko, San Antonez (urtarrilaren 17a) ospelak belarritako. Toki ospelak edo laiotzak eguzkiak denbora laburrez argitzen dituen lekuak dira: egutera eta laiotza, egutera eta ospela (hori omen da yin / yan bikotearen lehen esanahia). Esaera zaharrak dio Eguteran kerizak (gereziak), ospelean masustak izaten direla. Gaur ospel dago edo gaur eguraldi ospela dago diogunean, eguraldi tristea dagoela esan nahi dugu.