gobada. iz. Bokata, lixiba, kolada.
Lixiba egin, lixiba jo edo gobada egin, gobada jo gauza bertsuak dira, eta lixiba-harriaren gainean tina edo kuba ipiniz egin ohi zen. Gobada egindakoan arropa eramateko barreinoari ere gobada-ontzia deitu izan zitzaion. Hitza nahikoa ahaztua zegoen, baina 2009. urtean Maialen Lujanbiok txapela jantzi ondoren abestu zuen agurrak berpiztu zuen berriz ere. (Doinua: Eguzkiak urtzen du han goian).
Gogoratzen naiz lehengo amonen
zapi gaineko gobaraz,
gogoratzen naiz, lehen amonaz
gaurko amaz ta alabaz.
Joxeita zuei, mila zorion
miresmenaren zirraraz,
ta amaituko dut txapel zati bat
zuek guztiontzat lagaz:
gure bidea ez da erreza
bete legez, juizioz, trabaz,
Euskal Herriko lau ertzetara
itzuliko gara gabaz,
eta hemen bildu dan indarraz,
grinaz eta poz taupadaz,
herri hau sortzen segi dezagun
euskaratik ta euskaraz.
Maialen Lujanbio.
Hori baino lehen, baziren kopla batzuk, misogino samarrak, honela ziotenak:
Oraingo neskatilak
zer dute merezi?
Lixiban beratuta
gobaran egosi.
Ai, oi, ene,
gobaran egosi.