txirripilo. iz. Hegatxabala, txori intsektujalea, arrea, buruan mototsa duena, habia labore alorretan egiten duena (Alauda sp.).
Txirripiloak egunsentia datorrenean kantatzen omen du, urretxindorrak gauez; horrela dio, behintzat Shakespearek Romeo eta Julieta antzerkiko pasarte ezagunak:
Julietak: Bazoaz dagoeneko? Oraindik ez du egunak argitu. Urretxindorraren doinua izan da eta ez txirripiloarena zure belarri beldurtura iritsi dena. Gauez kantatzen du mingranondo hartan. Sinets iezadazu, ene maitea, ez da urretxindorra izan.
Romeok: Txirripiloa izan da, eguna iragarriz, eta ez urretxindorra. Begira, maitea, hango marra etsai haiei, hango hodeiak bereizten dituzten haiei, ekialdean. Itzali dira gaueko argiak, eta egun alaia piztu da gain lanbrotsu haietan. Joan egin behar dut eta bizi, edota geratu eta hil.
Julietak: Argi hori ez da egunaren argia, badakit ongi; meteororen bat izan behar du, eguzkiak sortu duena gau honetan zure zuzia izan dadin, eta Mantuarako bidaian argi zaitzan. Gera zaitez pixka batean, oraindik ez duzu zer joanik.
Romeok: Harrapa nazatela, hil nazatela; onartuko dut halaxe nahi baduzu. Esango dut argi arre hura ez dela egunsentia, Zintiaren (Ilargiaren) begitarte zurbilaren errainua baizik, eta ez dela txirripiloarena zeruetako gailurreraino doan kantua. Joan ordez, geratu nahiko nuke. Datorrela heriotza! Julietak halaxe nahi du. Hitz egingo dugu, ene arima? Oraindik ez du eguna argitu.
Julietak: Eguna argitzen ari du! Ihes egin, korri, zoaz! Txirripiloarena da kantu nahasia hau. Diotenez, txirripiloak kantu atsegina eta gozoa du; gu, ordea, bereizi egin gaitu…