kapusai. iz. Euritik babesteko soingaineko txanoduna.
Baserri-munduan euritik babestea garrantzitsua izan da beti, nekazariak maiz euripean lan egin behar zuelako: ganadu-jatekoa egin, uzta bildu… Kapusaia zen jantzi guztien gainetik ezartzen zen soingaineko edo kapa txanoduna. Kapusairik sinpleena zaku batekin egiten zen: beheko ertzetako bat beste ertzaren barneko aldean sartu eta txano handi baten antzekoa egiten zen. Zaku antolatu hori burutik behera jantzita burua eta bizkarra babestuta geratzen ziren euritik. Norbaiti mila deabru! birao gordinegia iruditzen bazitzaion, bazuen horren ordez bi mila kapusai! esateko aukera. Apirilaren amaierak eguraldi hotz eta, batez ere, euritsuaren ospea du; horrela, Gasteizen san Prudentziori santu pixatia deitzen diote, eta san Marko (IV-25), bost kapusaiekin hotzak hil omen zen dio esaera zahar batek. Erlijioak eragin handia zuen garaian kondoi hitz tabua zen, ezin baitzen erabili (ez hitza eta ez kondoia bera); larrutan egitekotan mundura umeak ekartzeko egin behar zen, ez beste ezertarako. Frankismo garaian, beraz, debekatua zegoen kondoiak saltzea. Amarako geltoki zaharrean ibili ohi zen ondo jantzitako gizon bat larruzko maletatxo batekin eta salgai zituen jeneroa iragartzen zuen trenera zihoazen bidaiaren artean: bizarra mozteko xaflak, metxeroentzako harriak… eta amaitzen zuen esanez "gomas de borrar y de las otras". Debekuren bat izan duten hitz gehienek bezala, ordezko asko izan ditu kondoi hitzak: gomazko txano, galtzerdi txiki, txapel, txano… Baita kapusai ere.