Hainbat esanahi ditu hitz horrek; ikusi adierak hitzaren gainean klikatuz

isipu. iz. 1) Elizan ur bedeinkatua isurtzeko erabiltzen den tresna.

2) Pintura, berniza edo karearekin margotzeko erabiltzen den tresna, brotxa.

3) Likidoa zabaltzeko erabiltzen den isats, erratz edo antzekoa.

4) Animalia baten isatsa, astoaren edo behiaren antzekoa batik bat.

5) Botilak-eta garbitzeko erabiltzen den eskuila edo zepilloa.

6) Hankarteko isipu. Zakila.

7) Isipu-belar. Loratzen denean isipuaren antza hartzen duen landarea (Hyssopus officinalis).

1)  Ur bedeinkatua isurtzeko erabiltzen da isipua elizan, eta, oinarrian, hainbat zulo dituen metalezko esfera kirtenduna da.

2) Garai batean igeltzeroek etxeko paretak karez margotzeko erabiltzen ziren brotxa handiei ere isipu deitzen zitzaien. Zarautzen ba omen zen igeltzero bat, Joanjose izenekoa, egin beharreko lanak azkar egite aldekoa zena; baina, hura etxetik pasatu ondoren, karearen margo zuria han geratzen omen zen nola zeruan ala lurrean… Igeltseroen isipu horren hedaduraz, margotzeko brotxek (bernizarentzat, margotzeko pinturarekin erabiliak…) isipu izena jaso izan zuten garai batean.

3) Sulfato-makinak eta likidoak ihinztatzeko makinak baino lahenago makila bati lotutako belar sorta edota etxean erratza pasatzeko zaharregia egin zen isats edo erratza erabiltzen ziren mahats, tomate, patata eta abarrei Bordeleko salda (kaldobordelesa) botatzeko. Tresna primitibo horri isipu deitzen zitzaion. Baita komunetan zeramika zuria zikindura nabarrez zikindutakoan hura garbitzeko erabiltzen dugun eskuilari ere.

4) Animalien isatsei deitu izan zai isipu, batez ere brotxaren antza dutenei, asto, behi eta era horretako isatsei. Seguru asko buztan hitza ez zen komenigarria ikusten (zakila adierazteko maiz erabilia zelako edo), eta ordezkoak bilatu izan zaizkio "finago" hitz egiteko. Horietako bat da isipu. Norbaiti irain egin nahi bazaio ezjakin hutsa dela adieraziz, esaten zaio: (horrek) astoa izateko atzeko isipua bakarrik falta dik, eta norbait beste norbaitez baliatzen bada berak nahi duena lortzeko, esaera zahar batek dio: Besteren isipuz garbitu nahi ditu euliak, eta eltzetik bestek aterata jan babak.

5) Bada botilak garbitzeko tresna bat burdina-hari bihurrituen artean zuntz zurrunak dituena (gaur egun plastikozkoak); botilak garbitzeko eskuila edo isipua deitzen zaio. Norbaitek (parrandan ibili delako, oihuka egin edo gaixotasunen bat duelako…) ahotsa marrantatua badu, esan ohi zaio: eztarri horrek isipuaren beharra badik!

6) Zakila hitz tabua izan da urte askoz, genitalekin edo sexuarekin zerikusi duten gauzak izendatzeko beste hainbat hitz izan den eran, horregatik ditu hainbeste izen bat bakarra izan ordez. Izen horietako bat da hankarteko isipu. Badira pare bat esamolde isipu hori aipatzen dutenak larrua jo edo sexu-harremanak adierazteko: isipua astindu / isipua dantzatu. Arruntkeriak dira eta kutsu matxista nabarmena dute, nik uste.

7) Bada landare bat isipu-belar izena duena (Hyssopus officinalis) aurrez aipatutako isipuaren antza hartzen duelako urdin-urdin loratzen denean. Berrikiago Australiatik etorri zaigu beste bat, Callistemon generokoa, botilak garbitzeko isipuaren antz handia duena. Ingelesez bottlebrush plant deitzen diote, lasai asko. Euskara hizkuntza indartsu eta aski erabilia balitz isipu-belar gorria deituko benioke, beharbada, kolore gorri bizikoak baititu loreak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide