lerde.iz. Ahotik jariatzen den listua, adurra, elderra.
Adurra jasotzeko erabiltzen dena da lerde-zapia edo adur-zapia. Hedaduraz, halaxe deitzen zaio norbaiti, batez ere umeei, jaterakoan arropa zikin ez dezan, jartzen zaion zapiari ere (babero gazteleraz). Norbaiti lerde-jario dagoela esan ohi zaio lerdea isurtzen duenean, eta baita zerbaitengatik txundituta eta bere ohiko izaera galdurik dagoenean. Zenbait esamoldetan (lerde-jario) adjektibo kutsua hartzen du eta pertsona melenga adierazteko erabiltzen da: lerde-jario! Badu beste zentzu bat, batik bat norbaiten joera lizuna adierazteko erabiltzen denean, edota norbaiten portaera okaztagarri edo gogaikarri bilakatzen denean: ez hadi izan lerde-jario! esaterako, edo agure lerde-zaku hori hire titiei begira zagon. Beraz, lerdea dariola egon esaldiak baditu hainbat adiera bere zentzu zuzenetik harantz; horrela, esan nahi du nahi den edo miresten den zerbaiti begira egon, aho zabalik, miresmenez, txunditurik… eta baita. beste hirugarren zentzu batean, lizunkeriarekin begira egon.